Jon Aizpuru izan da Uztarria Komunikazio Taldeak antolatutako Irudhitzen lehiaketaren bosgarren edizioaren irabazlea. Eguneroko bizitza zen edizio honetako gaia, eta baserriko lanaren eta ohituren transmisioa irudikatu du Aizpuruk argazki eta testu irabazlearekin. Izan ere, Irudhitzenen orain arteko edizioetan irudien lehiaketa egiten zen lehendabizi, eta han aukeratutako irudietan oinarritutako testuena ondoren; aurten, ordea, parte-hartzaileek argazkiak eta testuak, biak elkarrekin aurkeztu behar izan dituzte.
Goikoa da lehiaketa irabazi duen argazkia, eta honako hau, berriz, testua:
Egunero lanen bat
eduki behar da.
Baserritarrak ondo
zaintzen du landa.
Bilobak aitonari
hartu behar txanda.
Horrela izan dadin
ez dago etzanda.
Gaur hartu du karga,
hurrengoan sarda,
gainezka du orga,
beteta du borda,
ta zintzilikatuta
bi arto korda.
Erakusketa eta sari banaketa
300 euroko sari bakarra banatuko du Uztarriak Irudhitzen lehiaketaren bosgarren edizioan, eta Aizpuruk abenduaren 16an jasoko du sari hori. Egun horretan irekiko da aurtengo lehiaketara aurkeztutako lanen erakusketa Sanagustin kulturgunean, eta 19:00etan izango da sari banaketa.
Erakusketa, berriz, hilaren 27a arte ikusgai izango da Sanagustinen.
Egutegia
Herritarrak euskarazko edukien sortzaile izatera animatzea eta haiek argazkiekin eta testuekin jolastuz irudimena dantzan jartzea dira Irudhitzen lehiaketaren helburuak, baina baita Uztarriak bere bazkideen artean banatzen duen egutegia hornitzea ere.
Aurtengo lehiaketara aurkeztutako lanen artean aukeratutako hamabi irudi eta testurekin osatutako 2022ko egutegi hori hil honetan, urtea bukatzerako, jasoko dute etxean Uztarriaren bazkide guztiek.