Gipuzkoako Foru Aldundiak Ticket Bai sistema indarrean jartzeko asmoarekin jarraitzen du. Hasiera batean, datorren urteko urtarrilaren 1ean ziren ezartzekoak dendariei, autonomoei nahiz jarduera ekonomiko bat martxan duten pertsonei zuzendutako sistema, baina urrian prozesu hori sei hilabetez atzeratzea erabaki zuen erakundeak.
Aurreikuspenen arabera, fakturak zuzenean Ogasunari bidaltzeko sistema uztailean sartuko da indarrean. Merkatariek sistema erabiltzeko derrigorrezko epea, berriz, azaroaren 1ean hasiko da.
Horren harira, eta merkatari hainbatek erakutsitako interesa tarteko, Azpeitiko, Azkoitiko nahiz Zestoako merkatari elkarteek dendariei zuzendutako bilera deitu dute datorren ostegunerako. Bilera ireki hori Soreasu antzokian egingo dute, 15:00etan, eta Ticket Bai sistemari buruz hitz egingo dute bertan. Horrez gain, orain arteko egoeraren errepasoa egiteko ere aprobetxatuko dute hitzordua, eta hiru herrietako merkatari elkarteek jakinarazi dutenez, aurrera begira dendariek elkarrekin egin ditzaketen ekintzak adostea ere bada saioaren xedea.
Antolatzaileek garrantzizkotzat jo dute bileran ahalik eta ahalik eta merkatari gehien elkartzea, modu horretan "denen iritziak kontutan izanda" har ditzaten erabakiak.