Garaipen gozoa erdietsi du Lagun Onakek

Ihintza Elustondo 2021ko abe. 9a, 10:05

Lagun Onakeko gizonek garaipen garrantzitsua erdietsi zuten atzo Tolosaren aurka: 2 eta 1 gailendu zen taldea. Castillok sartu zuen lehen gola, eta Jagobak bigarrena, txilenaz.

Lagun Onak futbol klubaren gizonezkoen talde nagusiak ligako neurketa jokatu zuen atzo, asteazkena, Tolosaren aurka. Garaipen garrantzitsua erdietsi zuen taldeak; izan ere, 2 eta 1 menderatu zituzten aurkariak.

Partida hasi eta berehala, aurreneko minutua oraindik igaro gabe zela, iritsi zen Lagun Onaken lehen gola, korner bidez. Zubillagak atera zuen baloia, eta Castillok buruz atera bidali zuen. Sentipen onekin hasi zen taldea, eta gogor jarraitu zuen, aurkariaren zelaian presioa eraginez eta aukerak sortuz. Ordu erdi inguru igaro zenean iritsi zen partidako unerik gogoangarriena: Jagobak sekulako gola sartu zuen txilenaz (beheko bideoan ikus daiteke). Atsedenaldira, beraz, aho zapore onarekin iritsi zen Lagun Onak, markagailuan 2 eta 0 aurretik zirela.

Bigarren zatian, Tolosa Lagun Onak baino hobeto sartu zen partidan, baina segituan eman zion egoerari buelta Azpeitiko taldeak. Aukera garbiak sortu zituen Lagun Onakek, nahiz eta hirugarrena sartzerik lortu ez. Halako batean, 83. minutuan edo, Tolosak sartu zuen gola, korner bidez. Azken hamar minutuetan sufritu egin behar izan zuen Lagun Onakek, baina azkenean, 2  eta 1 irabazita, gustura etxeratu ziren mutilak.

Une honetan, hamazazpi punturekin, sailkapenaren hamabosgarren postuan da Lagun Onak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide