Bihar arratsaldean irekiko dute 2022ko Kultur Bonoa eskuratzeko zozketarako izen-ematea

Maialen Etxaniz 2021ko abe. 9a, 10:52

2022ko Kultur Bonoa. (Kulturaz kooperatiba)

Azken urteetako "eskari handia" ikusita, aurten ere bonoak nork eskuratuko dituen zozketa bidez ebatziko du Kulturaz kooperatibak. Bihar 19:00etan irekiko dute zozketan izena emateko epea, eta hilaren 12ko 23:59ean itxiko dute. Abenduaren 14an jakinaraziko dituzte zozketaren emaitzak. Berrikuntza gisa, 2022ko Kultur Bono bakoitzarekin ekitaldi baterako sarrera bakarra hartu ordez, gehienez lau sarrera hartu ahal izango dira. 

Badator beste urte batez Kulturaz kooperatibak eta Azpeitiko Udalak sustatutako Kultur Bonoa. Iaz bezala, aurten ere zozketa bidez ebatziko dute nork eskuratuko dituen 2022ko Kultur Bonoak, eta bihar arratsaldean, 19:00etan, irekiko dute zozketa horretan parte hartzeko izen-ematea. Zozketan izena emateko azken eguna, aldiz, igandea izango da, eta interesatuek 23:59 baino lehen eman beharko dute izena. Hain zuzen, azken urteetan bonoek izan duten "eskari handia" ikusita erabaki du Kulturazek zozketa bidezko sistema erabiltzea aurten ere. Kulturaz.eus webgunean eman beharko dute izena zozketan parte hartu nahi dutenek. 

Abenduaren 14an jakinaraziko dituzte zozketaren emaitzak. Behin emaitzak jakinarazita, Sanagustin kulturgunean banatuko dizkiete Kultur Bonoak zozketan sarituei. Bonoen jabeek 70 euro ordaindu beharko dute 2022ko Kultur Bonoa. Ikasle eta langabetuek, aldiz, dagokien dokumentazioa aurkeztuz gero, 35 euro ordaindu beharko dute. Izan ere, Ikasle txartela dutenek, langabetuek nahiz jubilatuek, dagokien agiriaren kopia aurkeztuz gero, %50eko deskontua izango dute. 

Hamaika abantaila

Kultur Bonoaren bidez, Sanagustin kulturgunean, Soreasu antzokian eta Dinamoa sormen gunean antolatutako sarreradun ekitaldiez doan gozatzeko aukera eskaintzen dute Kulturazek eta udalak, besteak beste, hamar kontzertu, sei antzerki edo dantza emanaldi, umeentzako sei ikuskizun –heldu bat eta ume bat– eta hamar pelikula. Kulturaz.eus webguneko agenda atalean kontsultatu ahal izango da zein ekitalditan balio izango duen bonoak. Hau da, Kultur Bonoa erabil ahal den ekitaldiek ikur bat izango dute, bonoa dutenentzako jakingarri gisa. Datorren urteko kultur bonoak, gainera, izango du berritasun bat. 2022ko Kultur Bono bakoitzarekin ekitaldiko sarrera bakarra hartu ordez, gehienez lau sarrera hartu ahal izango dira. 

Jada hainbat ekitaldi iragarri ditu Kulturazek 2022rako: Unidad Alavesa, Arah, Birritan Bortxatua, Dani Mateo, Vulk eta Tatxers, El Drogas, Desakato... 

Kultur Bonoa Azpeitiko Udalak eta Kulturaz Kooperatibak elkarlanean garatutako proiektua da. Haien arabera, "herritarrei kultura eskuragarri jarrita, kultura sustatzea da helburu nagusia". "Herritar guztiei zabaltzen die bonoak aukera, noski, baina bereziki bestela aparteko erraztasunik ez dutenei kulturaz gozatzeko bideak arindu nahi dizkie", diote sustatzaileek. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide