Koronabirusa Azpeitian

94 kasu positibo, azken hiru egunetan

Andoni Elduaien 2021ko abe. 9a, 13:39

Herriko intzidentzia tasak zazpi puntu egin du behera astelehenaz geroztik. Hala eta guztiz ere, eskualdeko kasu positiboen erdiak baino gehiago zenbatu dituzte Azpeitian eta Zarautzen, hurrenez hurren, 94 eta 86 kasu positibo.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri duen txostenaren arabera, 94 kasu positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan Azpeitian. 39 kasu positibo baieztatu zituzten astelehenean, hamahiru asteartean eta 42 atzo. Intzidentzia tasak zazpi puntu egin du behera Azpeitian, baina, hala eta guztiz ere, 5.000 biztanle baino gehiago dituzten Gipuzkoako herrien artean zenbateko altuena du Azpeitiak. 2.936,93koa da egun herri horretan duten zenbatekoa.

Urola Kosta eskualdean, aldiz, 267 kasu positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno testetan. Zarautzen ere ez dute Azpeitian baino positibo kopuru askoz txikiagoa detektatu. Azken egunetan baieztatutako 86 kasu positiboen ondoren –26 astelehenean, 38 asteartean eta 22 atzo–, herriko kasu metatuen tasa ia 100 puntu igo da astelehenetik, 1.499,12ra iristeraino. Bi herri handienen ondoren, Azkoitian zenbatu dituzte positibo gehien: 34 kasu, guztira –hamabi astelehenean, 21 asteartean eta bat atzo–. Intzidentzia tasak ia 60 puntu egin du gora han astelehenaz geroztik, eta 1.093,22an kokatu da.

Orion, bestalde, hemeretzi kasu positibo hauteman dituzte azken hiru egunetan –hiru astelehenean eta zortzina asteartean zein atzo–. Han ere 100 puntu baino gehiago egin du gora kasu metatuen tasak, eta egun 1.484,02koa da. Zumaian, aldiz, hamar positibo baieztatu dituzte –hiruna astelehenean nahiz asteartean eta lau atzo–. Orioren kontrako bidean, 100 puntu baino gehiago jaitsi da intzidentzia tasa Zumaian; 864,96koa da gaur-gaurkoz Zumaiako tasa.

5.000 biztanletik behera dituzten eskualdeko herrietan ere hauteman ditu positiboak Osakidetzak. Zazpina kasu positibo zenbatu dituzte Aian –bina astelehenean zein atzo eta hiru asteartean– eta Zestoan –lau asteartean eta hiru atzo–. 1.460.96koa da Aiako intzidentzia tasa, eta 1.001,54koa Zestoakoa. Getarian, aldiz, lau kasu atzeman dituzte azken egunetan –bat astelehenean eta hiru atzo–; 1.731,45ekoa da Getariako intzidentzia tasa. Bina kasu positibo detektatu dituzte Aizarnazabalen –bana asteartean eta atzo–, Beizaman –bi atzo– eta Errezilen –bana astelehenean eta atzo–. 1.430,43koa da Aizarnazabalgo intzidentzia tasa, 4.032,36koa Beizamakoa eta 966,18koa Errezilgoa.

73 lagun ZIUn

Hego Euskal Herrian, soilik atzo, 1.877 positibo zenbatu zituzten, eta pixkanaka-pixkanaka hazten doa ospitaleetako presioa. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, duela astebete COVID-19ak jotako 215 lagun zeuden Arabako, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan ospitaleratuta, eta 293 dira gaur. Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU) ere, goranzkoa da joera: joan den astelehenean 58 lagun zeuden, eta 73 daude gaur. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa ere hazten ari da, eta egun 791,56koa da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide