Gainezka egin du Urola ibaiak Madalenako ospitale zaharraren parean

Maialen Etxaniz 2021ko abe. 9a, 16:28

Arratsaldeko lehen orduetan egin du gainezka ibaiak Madalena parean. Azpeitiko Udala eurite eta uholdeengatik zaintza berezia egiten ari da herriko hainbat txokotan. 

Euriak ez du etenik izan azken aste eta egunetan, eta Urola ibaia hazita dator. Hori dela eta, ibaiak gainezka egin du Madalenako ospitale zaharraren parean. Gaur arratsaldeko lehen orduetarako ura ikus zitekeen Madalena inguruko errepidean zein ospitale zaharraren aurreko eserlekuetan.

Azpeitiko Udalak azaldu du azken egunotako eguraldi txar eta alerta egoera dela eta, eurite eta uholdeengatik "zaintza berezia" egiten ari dela herri guztian zehar, hala nola estoldak garbitu, ibaiaren egoera zaindu, errepideetako ur putzuen zaintza lanak eta luizien ikuskapena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide