Beldur eta fantasia zaleak asetzeko

Nerea Uranga 2021ko abe. 10a, 09:49

Hator Hator Horror Fest beldurrezko eta fantasiazko zinema jaialdia egingo dute, gaurtik igandera, Azpeitian. Ospel Films ekoiztetxea eta Azpeitiko Kulturaz kooperatiba dira sustatzaileak. Gipuzkoako Hitzan argitaratutako erreportajea da honako hau.

Zorteko dira beldur eta fantasia generoko filmak gustuko dituztenak: Hator Hator Horror Fest egingo dute, gaurtik igandera bitartean, Azpeitian. Ospel Films ekoiztetxeak egindako hiru film laburrak, animaziozko nahiz beldurrezko beste hainbat lan labur, film luzeak, jaialdirako egindako garagardoaren dastaketa nahiz haurrentzako makillaje tailerra antolatu dituzte jaialdiaren lehen ediziorako.

Kafe baten bueltan bildu ziren, duela aste batzuk, Xanti Rodriguez Ospel Filmseko kidea eta Eusebio Beloki Azpeitiko Kulturaz kooperatibako programatzailea; Rodriguezek zuzendutako azken bi film laburrak Ospel eta Pasaia erakutsi gabeak dira Azpeitian, eta horien emanaldiak antolatzeko elkartu ziren biak. "Bi film laburrak beldurrezkoak eta fantasiazkoak dira", azaldu du Rodriguezek: "Herrian horien emanaldia antolatu nahi genuen, baina ideia bat eta beste botatzen hasi ginen, harrotu, eta, azkenean, genero horri lotutako jaialdi bat nola antola genezakeen pentsatzen eta aztertzen hasi ginen".

Jaialdiarekin, gainera, genero horren zaleek antzemanda zeukaten hutsuneari erantzun nahi diotela esan du Belokik: "Jende askok aipatu izan digu beldurrezko pelikularik ez dugula programatzen Soreasuko karteldegian, eta, hain zuzen, era horretako filmak eskaintzeko aukera emango digu jaialdi honek". Belokik gaineratu duenez, "puri-purian" daude Rodriguez Ospel Filmsekin egiten ari den lanak. "Izugarrizko film laburrak dira. Herrian horrelako ekoizpenak izanda, tokia egin behar zaie; pagotxa da. Beti kanpora eta kanpokoei begira egon gabe, herrian horrelako artista bat edukita, aintzat hartu behar da".

Proiektu berria esku artean

Hiru eguneko jaialdia izango da Hator Hator Horror Fest; gaur arratsaldean hasiko da, Ospel Films egunarekin. Ekoiztetxe horrek ekoitzitako eta Rodriguezek zuzendutako hiru film laburrak erakutsiko dituzte Soreasun: Lekaime, Ospel eta Pasaia. Aurrenekoa, lehen ere emanda dute Azpeitian. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Astean estreinatu zuten Ospel, iazko ekainean, eta Pasaia, berriz, Sitgeseko (Katalunia) 54. jaialdian, joan den urrian. "Ospel-ek aurten bukatuko du bere ibilbidea; nazioarteko hainbat jaialditan aurkeztu dugu, eta sariak eta aipamenak ere jaso ditu. Pasaia, aldiz, aurtengoa da, eta bidea egiteko du oraindik", azaldu du Rodriguezek.

Hiru film laburrak "genero berekoak eta lantalde berak egindakoak" direla azpimarratu du zuzendariak. "Historikoki eta narratiboki, elkarri lotuta daude Lekaime eta Ospel. Pasaia, ordea, desberdina da; Azpeitian egindako film abstraktu eta ikusgarria da. Formatu desberdin batean dago grabatuta, eta ez du ia zerikusirik aurreko biekin".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide