Ibaiak, errekak eta urtegia gainezka, euriteen ondorioz

Nerea Uranga-Ihintza Elustondo 2021ko abe. 10a, 12:43

Zenbait lekutan gainezka egin dute ibaiek eta errek: besteak beste, itxita daude Azpeitia eta Lasao arteko bidegorria, Madalena auzora joateko bidea eta Mandubiako mendatea. Foru Ibilbidea pasealekuko zenbait gunetan argirik gabe daude. Nuarbeko Ibai Eder urtegia ere bete-bete eginda dago, eta Gipuzkoako Urak egoera kontrolatzen ari da.

Azken egunotan gelditu gabe egin du euria, eta horrek eragina izan du ibaietan eta erreketan. Hain zuzen ere, zenbait lekutan gainezka egin dute horiek, eta Nuarbeko Ibai Eder urtegia ere bete-bete eginda dago. Hainbat kalte eragin dute euriteek: besteak beste, itxita daude Azpeitia eta Lasao arteko bidegorria, Madalena auzora joateko bidea eta Mandubiako mendatea. Era berean, hainbat garajetan ura sartu da, eta Udaltzaingoa egoera konpontzeko lanean ari da. Gainera, Sistiaga Errekan bide bat itxita zegoen atzotik, lur jausi arriskuagatik, eta luzia gertatu da.

Bestalde, Foru Ibilbidea pasealekuan ere kalteak eragin dituzte euriteek. Kale horretako etxepe batean ura sartu eta koadro elektrikoa izorratu da. Ondorioz, kale horretako zenbait saltoki itxita daude, argirik ez dutelako.

Urtegiaren egoeraz hitz egin du Uztarriak Mikel Zubizarreta Gipuzkoako Urak agentziako arduradunarekin, Ibai Eder urtegian bertan, eguerdian. Hark adierazi duenez, "ehuneko ehun" beteta dago urtegia, eta "gainezka" ari da. Urtegiaren azpian kontrolerako estazio bat dute, eta horrek adierazten du zer egoeratan dagoen urtegia. Horrez gain, aplikazio ezberdinen bidez, ibaien eta erreken egoera ere jarraitzen ari dira une oro, eta datu horiek guztiak kontuan izanda erabakiko dute noiz komeni den urtegia "pixka bat hustea".

Zubizarretak nabarmendu du "garrantzitsuena" urtegiaren egoera kontrolatzea dela "segurtasuna bermatzeko", eta horretarako lanean ari direla. Uneotan, Gipuzkoako Urakeko langileak batean eta bestean egora kontrolatzen ari dira.

Egoeraren aurrean, Udaltzaingoak arreta mantentzeko eskatu du. Suhiltzaileak ere lanean ari dira egoera bideratzeko.

Eskola kirola, bertan behera

Uholde arriskuak daudelako, alerta laranja ezarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak lurralde osoan. Hori dela eta, bihar, larunbata, eskola kiroleko jarduerak bertan behera geldituko dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide