Lagun Onaken bi talde nagusiak, burumakur

Ihintza Elustondo 2021ko abe. 12a, 19:29

Emakumeen Ohorezko Erregional mailako taldeak Oiartzun hartu zuen atzo etxean, eta 0 eta 1 galdu zuen neurketa. Gizonezkoen taldeak, bestalde, gaur jokatu du partida, San Ignacioren aurka, Gasteizen, eta 2 eta 1 gailendu dira aurkariak.

Lagun Onak futbol klubeko bi talde nagusiek ligako neurketak jokatu dituzte asteburuan. Emakumeen Ohorezko Erregional mailako taldeak Oiartzun hartu zuen atzo etxean, eta Azpeitiko taldeak ezin izan zuen partida irabazi. Hain zuzen ere, 0 eta 1 gailendu zen Oiartzun. 47. minutuan iritsi zen partidako gol bakarra; penaltiz bidali zuen baloia atera Oiartzunek. Hala eta guztiz ere, gogor lan egin zuen Lagun Onakek, eta hainbat aukera sortu zuen; dena den, ez zuen partida berdintzerik lortu. Une honetan, 22 punturekin, sailkapenaren zazpigarren postuan da taldea.

Espainiako Hirugarren Mailako taldeak, bestalde, gaur jokatu du partida, San Ignacioren aurka, Gasteizen, eta ezin izan dute neurketa irabazi: 2 eta 1 gailendu dira aurkariak. Ondo hasi da Azpeitiko taldea: Sergiok lapurtu du baloia, Manexek jokaldi polit bat egin du, eta haren erdiraketa baten ostean, Jagobak atera bidali du baloia. 1 eta 0 irabazten hasi da, beraz, Lagun Onak. Hogeigarren minututik aurrera-edo, ordea, zelaian nagusitzen hasi da San Ignacio. Erdiraketa baten ostean, partida berdindu dute Gasteizkoek, eta bana berdinduta iritsi dira atsedenaldira.

Bigarren zatian, hobeto sentitu da zelaian Lagun Onak, baina ordu laurdena edo igaro denean, San Ignacioren bigarren gola iritsi da. Hortik aurrera, nahi eta ezin; saiatu da Lagun Onak, baina ezin izan dio partidari buelta eman. Burumakur itzuli da, Lagun Onak, beraz, etxera. Gaur-gaurkoz, hamazazpi punturekin, hamaseigarren postuan da taldea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide