Jende ugari eta giro ederra, Sortzaileen Azoka Herrikoian

Ihintza Elustondo 2021ko abe. 12a, 13:06

Herritarren eta sortzaileen arteko sareak "josteko" antolatu du azoka Orkatz kultur elkarteak. Askotariko sortzaileen lanak daude eskuragai Azoka Plazan, eta goizean jende ugari bertaratu da. Arratsaldean ere zabalduko dute.

Orkatz kultur elkarteak antolatuta, Sortzaileen Azoka Herrikoia egiten ari dira gaur, igandea, Azoka Plazan. Azokaren sustatzaileek azaldu dutenez, herritarren eta sortzaileen arteko sareak "josteko" antolatu dute egitasmoa. Eguraldi eguzkitsuak lagunduta, goizean jende ugari bertaratu da eskulangileen lanak bertatik bertara ikustera, eta giro ederra sortu da.

Askotariko produktuak eskura daitezke Azoka Plazan; izan ere, Azpeitiko nahiz eskualdeko hainbat sortzaile ari dira parte hartzen azokan. Honako hauek jarri dituzte postuak: Orkatz (arropak eta abar), Biziki (arropa), Malen Amenabar (irudia), Keizpe Studio (serigrafia eta irudia), Kiribil (zeramika), Magnoli& (likoreak eta mermeladak), Endredamakina (osagarri birziklatuak), Eskuarte (artisautza), Oihele (arropa), Joseba Agirrezabalaga (arte grafikoa), Harrihari (string art eta makramea), Erindi (bitxigintza), Marrak (irudia), Kaori (jantziak eta osagarriak) eta Amlu 3D (bitxigintza eta osagarriak) sortzaileak.

Goizean, 11:00etatik 14:30era egongo da zabalik azoka, eta arratsaldean, berriz, 16:30etik 19:30era.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide