Odol bankuan stocka falta dela eta, herritarrak gaur odola ematera deitu dituzte

Ihintza Elustondo 2021ko abe. 13a, 09:13

Parrokiaren Soreasuko lokalean ateratzen dute odola.

Odol ateraldia egingo dute gaur, eta "ahal duten denei" joateko deia egin die Odol Emaileen Elkarteak. 17:00etatik 21:00etara izango da ateraldia, eta aurrez izena eman behar da.

Odol bankuan stocka falta dela eta, herritarrei dei berezia egin die Odol Emaileen Elkarteak. Hain zuzen ere, odol ateraldia egingo dute gaur, astelehena, eta ohi baino jende gehiago hartuko dute: 60-70 odol ateraldi egitea aurreikusten dute. Ohi bezala, Parrokiaren Soreasuko lokalean egingo dute ateraldia, 17:00etatik 21:00etara bitartean. Lokal horretarako sarrera Perez Arregi plazatik Soreasu antzokira arteko pasabidean dago.

Osasun egoera tarteko, odola eman nahi duten herritarrek izena eman beharko dute aurrez. Hitzordua egunean bertan eskatu beharko da, 08:30etik 13:00etara bitartean, 943-00 78 84 telefono zenbakira deituta. "Garrantzitsua da ahal duzuen denok joatea", nabarmendu du Odol Emaileen Elkarteak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide