Sarek presoen eskubideen aldeko bi mobilizazio egingo ditu Gabonetan Azpeitian

Anartz Izagirre 2021ko abe. 14a, 08:45

Mobilizazioak deitzeko argazkia atera dute hainbat eragiletako ordezkarik eta norbanakok Basazabalen. (Anartz Izagirre)

Ohi bezala, abenduaren 24an elkarretaratzea egingo dute plazan, 19:00etan hasita. Abenduaren 31n, berriz, manifestazioa egingo dute, eta aurten plazatik abiatuko da igerilekutik beharrean, 18:00etan. Horrez gain, urtarrilaren 8an Bilbon egingo den manifestazio nazionalean parte hartzeko deia ere egin die Sarek herritarrei.

Gabonak ate joka datoz, eta Sarek, ohi bezala, euskal presoen eta iheslarien eskubideen aldeko bi mobilizazio egingo ditu Gabonetan Azpeitian. Hasteko, Gabon egunean, abenduaren 24an, elkarretaratzea izango da 19:00etan hasita. Abenduaren 31n, berriz, manifestazioa egingo dute; aurten, gainera, aldaketa txiki bat iragarri du Sarek, manifestazioa igerilekutik beharrean plazatik abiatuko baita, 18:00etan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, herriko eragileekin, elkarteekin, sindikatuekin eta talde politikoekin egin nahi dituzte mobilizazio horiek. Atzo, astelehena, herriko hainbat eragiletako ordezkariak nahiz norbanakoak izan ziren Basazabal jauregian, mobilizazioetan parte hartzeko deia egiteko.

Horrez gain, urte berriarekin batera presoen eskubideen aldeko manifestazio nazionala itzuliko da Bilbora. Urtarrilaren 8an izango da mobilizazioa Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako. BIDEAN lelopean, 17:00etan hasita. "Lelo honekin adierazi nahi duguna zera da: bizikidetzarako eta bakerako bidea egiten ari garela, etxerako bidea egiten ari garela", azaldu dute Sareko kideek. Ildo horretatik, nabarmendu dute orain arte emandako urrats guztiak "beste pauso bat" direla, eta bizikidetza "ezinezkoa" izango dela "euskal presoei ezartzen zaien salbuespen legediak eragindako eskubide urraketak" desagertzen ez badira. "Etxerako bidea egiteko eta espetxe politikan hain beharrezkoa den erabateko aldaketa sustatzeko, funtsezkoa da bizikidetzaren eta bakearen bidean aurrera egitea. Biak ala biak lotuta doaz", gehitu dute antolatzaileek. Era berean, bide hori "elkarrekin" egin behar dela nabarmendu dute: "Elkarrekin gaude bide horretan aurrera egin nahi dugun guztiak, sufrimendua desagerrarazi nahi dugun guztiak, eskubideen urraketa behin betiko amaitzea nahi dugun guztiak, eta konfrontazioaren aroa atzean utzi nahi dugun guztiak. Elkarrekin egiten ez badugu, bakoitzak bere aletxoa jarrita, erantzukizunez eta errespetuz, eta, batez ere, aurrera egiteko gogoa argi adierazita, ezinezkoa izango baita".

Azpeitiko presoak

Bestalde, azken urteetan euskal presoen eskubideen alde egin diren urratsak "positiboki" baloratu ditu Sarek, eta Gotzon Aranburu Azpeitiko presoaren kasua jarri dute adibide, Alacanteko (Herrialde Katalanak) espetxetik Palentzian (Espainia) dagoen Dueñaseko espetxera lekualdatu baitute. "Izan diren presoen hurbilketek, dudarik gabe, senideen zama arintzea ekarri dute presoak bisitatzeko distantzia luzeak murriztean, baina ez dezagun ahaztu gaur egun 104 preso daudela oraindik ere Euskal Herritik urrun, eta horrela, haien eta haien familien eskubideak urratzen dituztela".

Bestalde, bigarren graduan jarraitzen duten presoak ere gogoan izan dituzte, eta nabarmendu dute presoen %94k bigarren graduan jarraitzen dutela, eta hamar baino ez direla hirugarren graduan dauden presoak, "egoera horretan 70 preso egon beharko liratekeenean". Sareren arabera, 70 horietatik 52k eskubidea dute jada baldintzapeko askatasunean egoteko. "Gotzonek legezko baldintza guztiak betetzen ditu hirugarren gradua lortzeko, eta espetxe baimenen bitartez herrian izango genuke", gehitu dute. Era berean, Josu Urbieta Pow presoaren kasuan ere etxean egoteko "legezko baldintza guztiak" betetzen direla azaldu dute Sareko kideek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide