EAEko Auzitegi Nagusiak onartu egin du COVID ziurtagiriaren erabilera eremua zabaltzeko Eusko Jaurlaritzak egindako eskaera, eta bihartik aurrera izango da neurri hori indarrean. Bihartik, ia eremu itxi guztietan eskatuko dute ziurtagiria: 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 300 kasutik gorakoa den herrietan –Azpeitian 2.897,5 zen intzidentzia tasa atzo–, ziurtagiria beharko da ostalaritzako eremuetara, kultur ekitaldietara, osasun zentroetara, kiroldegi zein gimnasioetara, espetxeetara eta zahar etxeetara sartzeko. Auzitegiak, baina, atzera bota du kirol instalazio irekietan ziurtagiria eskatzeko aukera.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gaur arratsaldean egin du agerraldia, eta esan du bihar bertan publikatuko dutela Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean (EHAA) COVID ziurtagiria eremu itxi gehienetara zabaltzeko agindua. Hark esan du "berri ona" dela EAEko Auzitegi Nagusiak COVID ziurtagiria beste eremu batzuetara zabaltzeko baimena eman izana, eta gogorarazi du Osakidetzak atzeratu egin behar izan dituela "premiazkoak ez diren kirurgiak" osasun sistemak duen kargagatik. Herritarrei txertoa jartzeko eskatu die, era berean, eta eragileei, berriz, arduraz jokatzeko antolatzen dituzten ekitaldiei dagokienez.
Orain arte, gaueko aisialdiko hainbat jardueratan eskatzen zuten ziurtagiria Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Espainiako Auzitegi Gorenak hala baimenduta: aisia eta dantza uztartzen dituzten eremuetan –diskotekak, dantza aretoak, festa aretoak, musika tabernak, karaokeak eta antzekoak–; eta 50 pertsona baino gehiago sartzeko aukera zuten jatetxeetan. Aurrerantzean, beraz, itxiak diren espazio ia guztietan eskatuko dute ziurtagiria. Ziurtagiriaren erabileratik salbuetsita geldituko dira 12 urtez azpiko haurrak nahiz eremu horietako langileak –lanean ari direnean–.
Atzo, astelehena, jakinarazi zuen Fiskaltzak onespena eman ziola Jaurlaritzaren eskaerari, kutsatzeak saihesteko "beharrezko" tresna delako ziurtagiriaren erabilera. Erabakia “egokia eta proportzionala” zela adierazi zuen, xedea "osasun segurtasuna bermatzea eta establezimenduetan kutsatzeko arriskua murritzea" dela argudiatuta. Haren onespenaren atzetik iritsi da Auzitegi Nagusiaren erabakia. Auzitegiko epaileen arabera, egoera epidemilogikoa okertu izana "nahikoa oinarri" da neurri murriztaileok ezartzeko.
Azaroan ere eskatu zuen Jaurlaritzak COVID ziurtagiria ezartzeko baimena, baina orduko hartan atzera bota zuen eskaera Auzitegi Nagusiak. Gaurko autoan jaso dute epaileek erabaki aldaketaren zergatia: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako intzidentzia tasa 184,84koa zen orduan, eta abenduaren 8an –Jaurlaritzak eskaera egin zuen egunean– 791 kasukoa zen. Aire zabaleko kirol ekitaldietan ziurtagiria eskatzea ez du baimendu auzitegiak, haren arabera, kutsatzeko arrisku handien duten tokien artean ez baitaude aire zabaleko ekitaldiak. Gainera, epaileek azpimarratu dute ez dagoela aire zabalean ziurtagiriaren erabilera baimentzen duen ebazpenik.