Gutuna

Zenbat izen, zenbat izan...

Irune Egiguren 2021ko abe. 15a, 16:16

Irune Egigurenek idatzitako gutuna da honako hau.

Kaixo denoi.

Gure amaren gorputza, 90 urterekin, itzali da, eta betiereko bidaiari ekin dio.

Urte asko pasatu dira alzheimerra diagnostikatu ziotenetik. Urte hauetako bizitzako ibilbide honetan, bera etxean zaintzeko osatu dugun sarean parte hartu duten guztiei eskertu nahi nieke egindako guztia.

Lehenengo, eskerrak bihotz-bihotzez nire familiari: Aitor nire senarrari, eta Auritz, Suhar eta Aiert nire semeei. Zuen babesari eta elkarbizitzan izandako inplikazioari esker izan da posible hau guztia.

Eskerrik asko lehen mailako nire ekipoari: nire anai-arrebak (Xabi, Mila, Maider eta gure zeruko kapitaina izan den Olatz).

Eskerrak etxean lan egin duzuen guztioi, zeren ez da batere erraza izan, badakit: Edurne, Ainhoa, Maria, Laia, Veronica...

Nahasmena eta ahanztura azaldu zirenean ere, entretenimenduz betetako zenbat arratsalde zure kuadrillarekin karta jokoan, ama: osaba Roke, izeba Juanita eta Monika. Eskerrik asko zure kuadrillari.

Eskerrik asko Aitorren sendikoei, etxepeko bizilagunei, ikastolako atariko kideei, eta nola ez, nire bihotzeko lagunei: Igor, Jessi, Ainhoa, Izaskun, Ana Z., Agustin, Ana, Saioa, Fernando, Ana E., Jon, Idoia... Zenbat aldiz: "ekarriko...", "eramango...", "esango...", "begiratuko...", "emango...". Amarekin egon behar nuen momentuetan laguntza eskatu, fabore bat... eta baietz erantzun duzuelako, eskuzabal, eskerrik asko.

Zenbat izen, zenbat izan... eta guztiak desberdinak.

Sare honetan beste aingeru batzuek ere parte hartu duzue, baina ezin guztiak izendatu.

Einsteinek bi motatako pertsonak daudela zioen. Bata, miraririk esistituko ez balitz bezala bizi dena. Eta bestea, dena mirari bat balitz bezala bizi dena. Begiratu ondo zure ingurura, eguna mirari txiki eta handiz osatuta baitago.

Eskerrik asko, amatxo.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide