Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguerdian argitaratutako datuen arabera, Azpeitian 80 kasu atzeman dituzte astelehenetik asteazkenera bitartean egindako probetan. Horren ondorioz, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 2.660,97koa da herrian. Astelehenean plazaratutako datuekin alderatuta, ia 150 puntu jaitsi da tasa, baina, hala ere, eskualdeko handiena da oraindik ere.
Urola Kosta eskualdean, 358 kasu positibo zenbatu dituzte hiru eguneko epean. Azpeitiaren ondoren, Zarautzen izan dituzte kasu gehien: hain zuzen ere, 75 positibo atzeman dituzte han, eta tasa 1.683,30ekoa da. Han ere jaitsi egin da tasa asteleheneko datuekin alderatuta, 47 puntu, hain zuzen ere. Orion, berriz, beste 60 kasu izan dituzte, eta intzidentzia tasa 2.641,88koa da kostaldeko herri horretan: 815 puntu igo da tasa aste hasieratik gaur arte han.
Azkoitian beste 45 kasu zenbatu dituzte –kasu metatuen tasa 1.418,68koa da–, 38 Zestoan –2.182,85eko tasa–, 24 Zumaian –936,21eko tasa–, hamahiru Aian –1.964,74ko tasa–, 11 Getarian –1.378,09ko tasa–, hiru Errezilen –1.127,21eko tasa–, eta bakarra Beizaman –4.838,71ko tasa–. Azken hiru egunetan Aizarnazabalen ez dute kasu berririk atzeman; 1.170,35 tasa dute han gaur-gaurkoz.
Ospitaleetako egoera
Eskualdetik kanpoko panorama ez da hobea. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 6.624 kasu positibo atzeman dituzte azken hiru egunetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Osakidetzaren menpeko erietxeetan COVID-19a duten 299 lagun daude ospitaleratuta, eta Zaintza Intentsiboetako Unitateetan ehun.
Nafarroari dagokionez, azken datuen arabera, 709 positibo izan ziren hilaren 14an, asteartean, eta hamabost lagun ospitaleratu zituzten egun horretan. Hiru lagun zeuden ZIUetan asteartean.