Jon Aizpuruk jaso du Irudhitzen lehiaketaren V. edizioko saria

Uztarria.eus 2021ko abe. 16a, 19:20

Gaur jaso du 300 euroko saria Sanagustinen, Leire Larrañaga UKTko kidearen eskutik.  Lehiaketara aurkeztutako argazkiekin eta testuekin osatutako erakusketa ere ikusgai dago gaurtik kulturgunean bertan.

Jon Aizpuru izan da Uztarria Komunikazio Taldeak antolatutako Irudhitzen lehiaketaren bosgarren edizioaren irabazlea, eta gaur, osteguna, jaso du 300 euroko saria Sanagustin kulturgunean, Leire Larrañaga UKTko ordezkariaren eskutik. Eguneroko bizitza zen edizio honetako gaia, eta baserriko lanaren eta ohituren transmisioa irudikatu du Aizpuruk argazki eta testu irabazlearekin. Izan ere, Irudhitzenen orain arteko edizioetan irudien lehiaketa egiten zen lehendabizi, eta han aukeratutako irudietan oinarritutako testuena ondoren; aurten, ordea, parte-hartzaileek argazkiak eta testuak, biak elkarrekin aurkeztu behar izan dituzte.

Hauek dira lehiaketa irabazi duen egilearen argazkia eta testua:

Egunero lanen bat
eduki behar da.
Baserritarrak ondo
zaintzen du landa.
Bilobak aitonari
hartu behar txanda.
Horrela izan dadin
ez dago etzanda.
Gaur hartu du karga,
hurrengoan sarda,
gainezka du orga,
beteta du borda,
ta zintzilikatuta
bi arto korda.

Bestalde, gaur zabaldu da lehiaketara aurkeztutako argazkiekin eta testuekin osatutako erakusketa ere, kulturgunean bertan. Hilaren 27ra bitartean egongo da ikusgai.

Egutegia

Herritarrak euskarazko edukien sortzaile izatera animatzea eta haiek argazkiekin eta testuekin jolastuz irudimena dantzan jartzea dira Irudhitzen lehiaketaren helburuak, baina baita Uztarriak bere bazkideen artean banatzen duen egutegia hornitzea ere.

Aurtengo lehiaketara aurkeztutako lanen artean aukeratutako hamabi irudi eta testurekin osatutako 2022ko egutegi hori hil honetan, urtea bukatzerako, jasoko dute etxean Uztarriaren bazkide guztiek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide