Bihar jokatuko dituzte Patxi Azkargortaren oroimenezko pilota txapelketaren finalak

Julene Frantzesena 2021ko abe. 17a, 09:13

Pilota jaialdia 10:30ean hasita egingo dute Izarraitz pilotalekuan, eta bost final jokatuko dituzte Ilunpe elkarteko pilotariek.

Patxi Azkargortaren oroimenezko pilota txapelketaren VII. edizioko finalak izango dira bihar, zapatuarekin, Izarraitz pilotalekuan. Santo Tomas egunez egin izan dituzte finalak Ilunpe elkarteko kideek, baina aurten ez da jairik izango, eta beraz, egun batzuk aurreratu dituzte norgehiagokak.

Pilota jaialdia A taldeko aurre-benjaminen partidarekin hasiko da 10:30ean; Enaitz Saizarrek eta Alain Urkizuk neurtuko dituzte indarrak lehen partidan. B taldeko aurre-benjaminen neurketa izango da hurrengoa, eta Oihan Uranga eta Eneko Martija ariko dira nor baino nor.

Alebinen mailan ere bi final izango dira, eta pilotariek binaka jokatuko dute: B taldeko finalean Uraitz Zelaia eta Aiur Labaka Urritz Goenagaren eta Joritz Aizpururen kontra ariko dira; A taldekoan, berriz, Jon Olazabalek eta Iker Ansolak jokatuko dute Markel Zorrozaren eta Julen Urrestillaren kontra.

Azken finalean, infantilen mailakoan, Ugaitz Aranguren eta Eneko Ulazia ariko dira txapelaren bila.

Gipuzkoako txapelketa ere bai

Gipuzkoako Kluben Arteko Txapelketa ere aurrera doa, eta gaur, ostirala, partida bat izango da, 19:00etan hasita, Izarraitzen. Alebinen bigarren mailako norgehiagoka izango da: Ilunpeko Arriaranek Abantzuko Izagirre izango du aurrez aurre.

Bestalde, bihar, 16:00etan, kadeteen bi neurketa izango dira: Ilunpeko Sarasuak Behar Zana taldeko Iparragirre izango du aurkari; eta Ilunpeko Bidezabalek eta Oiarpeko Etxeberriak jokatuko dute bigarren partida.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide