Perura egindako espedizioa izan du hizpide Jose Luis Eizagirrek Mendiko Ahotsak egitasmoan

Ane Olaizola 2021ko abe. 17a, 09:54

Andeetara egindako espedizioaren nondik norakoak azaldu zituen atzo mendizale azkoitiarrak Soreasu antzokian, eta abentura hartan parte hartu zuten Benantxio Irureta eta Aritz Odriozola zirenak gogoratu zituen saioan.

Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatzen duen Mendiko Ahotsak egitasmoaren beste saio bat egin zuten atzo, osteguna. Jose Luis Eizagirre mendizaleak 2007an Perura egindako espedizioa izan zuen hizketagai Soreasu antzokian elkartu ziren dozenaka lagunen aurrean, eta abentura haren nondik norakoak azaldu zituen azkoitiarrak. Eizagirrek ez ezik, beste zazpi lagunek egin zuten espedizio hura, tartean Benantxio Irureta eta Aritz Odriozola zirenek, eta hain zuzen, hizlariak bi mendizale azpeitiar horiei eskaini nahi izan zien atzoko solasaldia.

Andeetan dagoen Huascaran mendia (6.768 metro) igo zuten zortzi mendizaleek 2007an egin zuten espedizioan, hori baita Peruko mendirik altuena. Balentria hura gogoratu zuen atzo Eizagirrek, orduan ateratako argazkiekin lagunduta. Urola Kostako Hitza egunkariak, berriz, atzo argitaratu zuen hitzaldiaren harira Eizagirreri egindako elkarrizketa.

(Argazkiak: Lagun Onak MB)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide