Txikitatik argi zuen Jone Fernandezek Optika eta Optometria ikasketak egin nahi zituela. Hala, garaia heldu zitzaionean, Madrilerako bidea hartu zuen. Ikasketak amaituta, Azpeitira itzuli eta Ikus optikan lanean hasi zen. Bertan ezagutu zuen Eli Kortadi, eta bien arteko konexioa bat-batekoa izan zen.
Jone gustura zegoen lanean optikan, baina jakintza eta esperientzia areagotu nahian, Begitek klinikara joan zen lanera. “Ikasten ari nintzen garaitik nuen klinika batean lan egitea zer zen probatzeko gogoa, eta aukera sortu ahala, baiezkoa eman nuen Begiteken. Optika pena handiz utzi nuen arren, bi urte emankor izan ziren; izan ere, optometrian eta ikusmen-terapian aritu nintzen optikan, eta klinikan, aldiz, patologiak lantzen. Etengabeko formazioa izan da”, azaldu du optikariak.
Zerbitzuak gehituz
Optikako lanera itzuli eta Eli lankidearekin elkartzeko gogoz, lehendik ezaguna zuen optika hartu eta Adi sortu zuen urte hasieran. “Adi, optika bat ez ezik, osasun zentroa izatea nahi nuen. Hau da, betiko zerbitzuez gain, berriak eskaini nahi nituen; audiologia, logopedia edo osteopatia, adibidez. Gaur egun, arlo desberdinetako adituek elkarrekin lan egiteko joera dago, eta hori da nahi dudana”, dio Jonek.
Gaur egun Adi optikak eskaintzen dituen zerbitzuak honako hauek dira:
- Ikusmen azterketa
- Audiometria
- Tonometria
- Retinografia
- Ukipen lenteak
- Ikusmen-terapia
“Gainera, zerbitzu horiek ematean, eta klinikan lortutako ezagutzari esker, alterazioa detektatuz gero, bezeroa oftalmologoarengana bidera dezaket”, agertu du. Gustukoa egitea, ezagutza eta gertutasuna. Horiek dira Adi optikaren oinarriak, eta horiek betetzeko ahalegina egiten dute Fernandezek eta Kortadik. Bezeroaren ikusmena, eta osasuna osotasunean, goxo zaintzen dituzte.