Alaia Juaristik, Juaristi ISB taldeak eta Xanti Merinok jaso dute 2021eko Urteko Kirolaria saria

Nerea Uranga 2021ko abe. 18a, 14:57

Azpeitiko Udalak gaur banatu ditu urteko kirolari onenen sariak Sanagustin kulturgunean. Kirol modalitate hainbatetan aritzen diren kirolarien artean oroigarriak banatu ondoren, Urteko Kirolaria sariak jaso dituzte emakumeetan Alaia Juaristi eskiatzaileak, gizonetan Urrezko LEB ligako Juaristi ISBk eta boluntarioetan Iraurgi saskibaloi klubeko delegatu Xanti Merinok.

Iazko etenaldiaren ondoren, Urteko Kirolaria sariei heldu dio aurten Azpeitiko Udalak. Gaur, zapatua, banatu dituzte sariak Sanagustin kulturgunean. Aurrena, herriko kirol klubek nahiz herritarrek izendatutako kirolari onenei oroigarriak banatu dizkiete udal ordezkariek. Segidan, hautagaien artetik kirolari onenak izan direnak saritu dituzte: emakumeetan, Aiala Juaristi eskiatzailea saritu dute –Juaristi eskiko txapelketa bat jokatzen ari delako, haren amak jaso du saria–, gizonetan Juaristi ISB saskibaloi taldeak jaso du saria eta kirol klubetan boluntario onenaren saria Xanti Merino Iraurgi SBko delegatuak jaso du.

Egoitz Arruti Kiroletako zinegotzia "pozik" azaldu da sari banaketa ekitaldian, aurten sariak banatzeko aukera izan dutelako. Pandemiak eragindako bizimoduan kirolak duen garrantzia azpimarratu du Arrutik, "kirola bizitzeko eta bizitza ulertzeko modu bat delako". Gainera, gaur hautagaien artean zeuden kirolariak nahiz kirolean aritzen diren herritar guztiak zoriondu ditu, eta kirolarien erronkak, bideak eta ibilbideak bezainbeste garrantzia "kirolaren bueltan izaten eta egiten diren harremanak" direla nabarmendu du.

Honakoak izan dira kirol modalitateka hautagai izan diren kirolariak eta boluntarioak:

Emakumeetan hautagaiak:

- Xeye atletismo taldea: Nora Zubillaga
- Iraurgi SB: Txintxu gorozotegia ISB taldea
- Lagun Onak FT: Mirari Uria
- Izarraitz igeri elkartea: Maier Lizarzaburu, Uxue Etxeberria, Maialen Sudupe eta Alazne Sudupe
- Kodaore judo elkartea: Ane Agirre
- Herritarren hautagaia: Nahia Olaizola (izotz gaineko patinaje artistikoa)

Gizonetan hautagaiak:
- Xeye atletismo taldea: Julen Azpiazu
- Ilunpe pilota elkartea: Eneko Odriozola
- Kodaore judo elkartea: Gorka Arregi
- Azpeitiko Karate Elkartea: Haritz Etxeberria
- Ikasberri futbol elkartea: Ibai Aldalur
- Urraki Eskuderia: Jokin Agirre
- Izarraitz igeri elkartea: Iker Aizpuru
- Xaputarrak xake kirol kluba: Aner Alonso
- Lagun Onak futbol kluba: Unai Marrero
- Lagun Onak txirrindulari elkartea: Ekain Ajerrista
- Garmendipe bolo elkartea: Iker Hidalgo
- Herritarren hautagaia: Julen Azkue (triatloia)
- Herritarren hautagaia: Jon Etxaniz (arrauna)
- Herritarren hautagaia: Haritz Iturbe (mendia)

Kirol boluntarioetan hautagaiak:
- Kodaore judo taldea: Gabriel Carmona
- Lagun Onak futbol kluba: Jesus Mateos
- Urraki Eskuderia: Iñaki Orbegozo
- Xaputarrak xake taldea: Jose Andres Perez
- Izarraitz igeri elkartea: Beñat Lopetegi
- Lagun Onak Mendi Bazkuna: Jabier Urbieta, Mikel Amenabar eta Andoni Unanue

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide