Lagun Onakeko gizonek irabazi eta emakumeek galdu egin dute

Nerea Uranga 2021ko abe. 18a, 21:28

Lagun Onakek Uritarraren kontra jokatu du gaur, zapatua, Garmendipe futbol zelaian. (Argazkia: Nerea Uranga)

Lagun Onakeko gizonen talde nagusiak etxean jokatu du Uritarraren kontra, eta 2-1 irabazi du. Emakumeen taldeak, berriz, Arrasaten (Gipuzkoa) izan du norgehiagoka Leintz Arizmendiren aurka; 3-1 galdu du.

Garaipen garrantzitsua lortu du Espainiako futboleko Hirugarren Mailako Lagun Onak-ek gaur, Garmendipe futbol zelaian. Larrabetzuko (Bizkaia) Uritarrak taldea izan du aurkaria, denboraldiko hemeretzigarren jardunaldian. Lehen zatian oso ondo aritu dira Lagun Onakeko mutilak, eta Iker Olaizolak egindako lana azpimarratzekoa izan da.

Partidaren hamargarren minutuan Lagun Onakeko Arandak egindako penalti baten ondorioz, lehen gola lortu dute aurkariek. Gero, ordea, Iker Olaizolak kontrakoen atean sartu du baloia, eta atsedenera bana berdinduta iritsi dira.

Bigarren zatian, Uritarrak taldekoak hobeto aritu dira zelaian, eta urduritasuna nabarmendu da Azpeitiko futbol taldeko jokalarien jokoan. Partida bukatzeko minutu gutxi falta zirenean, Iker Olaizolak egindako pase baten ondoren, Manexek gola sartu du. Hala, partida 2-1 irabazi dute Lagun Onakeko gizonek.

Gaur lortutako garaipenari esker hiru puntu eskuratu ditu Azpeitiko taldeak, eta sailkapen nagusian hamaseigarren postuan dago, 20 punturekin. Haren atzetik daude sailkapeneko beheko aldean Uritarra (17 puntu), Urduliz (17), Beti Gazte (17) eta Tolosa (15).

Neskak, esku hutsik

Lagun Onakeko Gipuzkoako Emakumeen Erregional mailako taldeak Arrasateko (Gipuzkoa) Mojategi futbol zelaian jokatu du gaur eguerdian Leintz Arizmendiren aurka. Denboraldiko hamalaugarren jardunaldia da gaur jokatu dutena. 3-1 galduta, esku hutsik itzuli dira Lagun Onakeko futbolariak etxera. Nahia izan da Lagun Onaken aldeko gola sartu duen futbolaria, zortzigarren minutuan egin du. Kontrakoek 27., 43. eta 67. minutuetan sartu dizkiete golak.

Sailkapen nagusiko erdiko aldean dago Lagun Onak, zortzigarren postuan, 22 punturekin. Atzetik duen Ostadarri puntuetan alde dezente ateratzen dio gainera; zortzi puntukoa, hain zuzen ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide