Eusko Jaurlaritzak kaleratu du koronabirusaren bilakaerari buruzko asteleheneroko txostena, eta lehengo lepotik burua: positiboak asko eta intzidentzia tasak goraka. Dena den, herriko egoera duela astebete baino hobea da, baita eskualdekoa ere.
Azpeitian ez du etenik izan positiboen zenbaketak, baina, hala ere, intzidentzia tasak nabarmen egin du behera azken lau egunetan. Hain zuzen ere, ia 300 puntu jaitsi da ostegunaz geroztik. Osakidetzak ostegunean emandako datuen arabera, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 2.660,97koa zen herrian; gaur, berriz, 2.385,02 da intzidentzia tasa.
Azken lau egunetan 74 positibo zenbatu ditu Osasun Sailak Azpeitian: ostegunean 24, ostiralean 29, zapatuan hamahiru eta atzo zortzi. Azken astebetean, berriz, 154 positibo atzeman dituzte herrian.
Urola Kostan, berriz, 387 positibo atzeman dituzte egunotan. Joan den asteleheneko txostenak zekarren datua baino hobea da, orduan 31 gehiago baitziren zenbatutako kasuak. Dena dela, oraindik ere oso handia da kopurua.
Orion datu txarrena
Zarautzen hauteman dituzte kasu gehien, lau egunean 114 hain zuzen, baina hango intzidentzia tasak apenas izan du gorabeherarik ostegunetik hona: 1.683,30ekoa zen orduan, eta 1.699,15ekoa da gaur.
Azpeitia izan da orain arte intzidentzia tasarik altuena zuen eta 5.000 biztanle baino gehiago zituen herria, baina egunotako jaitsiera tarteko, Orio kokatu da zerrendaren buruan. Kostako herri horretan, 41 positibo izan dituzte azken lau egunotan, eta 2.641,88koa da intzidentzia tasa. Aipatzekoa da, hala ere, ostegunean ere tasa horixe bera zuela.
Kontrara, igoera nabarmena izan du Zumaiakoak, ia 300 puntukoa. Ostegunean 936,21ekoa zen, eta 1.200,77koa da gaur. 67 positibo izan dituzte lau egunean. Azkoitikoa ere egonkor mantendu da: 1.418,68koa zen ostegunean eta 1.435,35koa da gaur. 32 positibo izan dituzte han. Kontrara, igoera nabarmena izan du Zumaiakoak, ia 300 puntukoa. Ostegunean 936,21ekoa zen, eta 1.200,77koa da gaur. 67 positibo izan dituzte lau egunean.
5.000 biztanletik beherako herriei dagokienez, Zestoak ditu zenbaki kezkagarrienak. Lau egunean 33 kasu baieztatu dituzte han eta 2.593,73koa da intzidentzia tasa. Aian hamar kasu izan dituzte, Getarian bederatzi, Aizarnazabalen lau, Beizaman bi eta Errezilen bat.
ZIUetan, ehundik gora
Hego Euskal Herrian, berriz, 2.135 positibo atzeman zituzten atzo. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan COVID-19ak jotako 324 lagun daude ospitaleratuta, duela astebete baino hamalau gutxiago. Aldiz, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU) 105 lagun daude, joan den astelehenean baino hamalau gehiago.