Ekindar Azpeitiko energia kooperatibaren aurkezpena egin zuten joan zen asteazkenean, hilak 15, Sanagustin kulturgunean, eta etzi, hilak 22, bigarren aurkezpen bat egingo dute, merkatariei soilik zuzenduta. Azpeitiko Udalak adierazi duenez, "jakinmin handia" sortu du proiektuak jendartean, eta merkatariek beraiek hala eskatuta egingo dute bilera, 15:00etan hasita, Azoka Plazako lehen solairuko aretoan. Bilera merkatari guztiei zuzenduta egongo da.
Egitasmoa aurkeztu zenetik herritar ugarik azaldu dute proiektuan parte izateko interesa, eta udalak azaldu duenez, dagoeneko asko dira Ekindarren webgunearen bitartez aurreinskripzioko orria bete duten herritarrak. Oraindik ere badago izena emateko aukera. Joan zen asteko aurkezpenean azaldu zutenez, Ekindarrek 450 familiaren eta establezimenduren energia beharrak asetzeko gaitasuna izango du, eta horretarako 2.200 plaka fotovoltaiko ezarriko dituzte Urrestillako Kaminazpi izeneko eremuan.