Emakumeok Mugimenduan egitasmoa aurkezten ari dira Azpeitian

Ihintza Elustondo 2021ko abe. 21a, 12:01

Emakumeok Mugimenduan egitasmoaren berri ematen izan dira Azpeitiko plazan.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Emakumeok Mugimenduan egitasmoaren berri ematen ari dira gaur Azpeitian. Emakumeak kirola egitera bultzatzea da proiektuaren helburua; izan ere, Gipuzkoako hiru emakumetik bat ez dira aktiboak.

Emakumeok Mugimenduan egitasmoaren sustatzaileak Azpeitian dira gaur. Hain zuzen ere, proiektuaren berri ematen ari dira sustatzaileak, herriko kaleetan barrena. Goiz partean, azoka eguna aprobetxatuz, plazan izan dira; arratsaldean, 15:30etik 18:30era bitartean izango dira herrian. Egitasmoaren helburua honako hau da: emakumeen aktibotasuna bistaratzea eta garatzen laguntzea. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Sailak jarri zuen martxan egitasmoa, Emakumea eta Kirola programaren barruan.

Emakumeok Mugimenduan egitasmoaren barruan, hainbat ekintza antolatu dituzte, Gipuzkoako emakumeak jarduera fisikoa egitera bultzatzeko asmoz. Horietako bat da Emakumeok Mugimenduan Erronka Digital Solidarioa: 40.000 kilometro egingo dituzte, munduari bira emanez. "Gipuzkoatik hasi, meridianoa zeharkatu eta Gipuzkoara itzuliko gara, mundua hankaz gora jarri eta gure gizartea hausnarketara gonbidatzeko", azaldu dute. Erronkaren bidez lortutako kilometroekin, emakumeen ahalduntzea sustatzen duten hiru erakunde lagunduko dituzte; urtarrila erdi aldera jakinaraziko dituzte erakunde horien izenak.

Emakumeok Mugimenduan Erronka Digital Solidarioan parte hartu nahi dutenek badute aukera dagoeneko: horretarako, Kinendu aplikazioa deskargatu eta erronkan izena eman behar da. Une horretatik aurrera, norberak bere mugimendua erregistratu ahal izango du; urtarrilaren 1etik otsailaren 28ra batuko dira kilometroak. "Kilometroak batzeko modu asko daude: oinez, korrika, dantzan, igerian, pedalei eraginez, bakarka edo taldean, kiroldegietan, kalean ala naturan... Mugimendu orok balio du", adierazi dute sustatzaileek.

Hiru emakumetik bat, ez aktibo

Emakumeek dituzten kirol ohituren berri ere eman dute proiektuaren sustatzaileek. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, gomendagarria da astean, gutxienez, jarduera fisikoa 150-300 minutuz egitea. EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko ikerlariek Gipuzkoako 18-64 urte arteko emakumeen aisialdiko jarduera fisikoa eta kirol ohiturak aztertzeko ikerketa egin dute; ikerketa garatu ahal izateko, Gipuzkoako ia 4.000 emakumeren erantzunak hartu dituzte kontuan. Datuen arabera, Gipuzkoako emakumeen hirutik bat ez dira aktiboak, astean 120 minutu baino gutxiagoz egiten baitute kirola. Gehiengoa herri txikietan bizi da, eta 30-49 urte artean ditu. Asko ama dira, gainera. 

Kirolaren eta emakumeen arteko harremana anitza da Gipuzkoan, baina aktibo ez izatearen atzean egon daitezkeen oztopoak eta mugak komunak direla ikusi dute: estereotipoak, beldurrak, kirol gaitasunari eta intentsitateari lotutako sinismenak, denbora falta, interes falta, ezagutza falta, bidelagun falta... Egoera horren aurrean, emakumeak kirola egitera bultzatu nahi ditu Emakumeok Mugimenduan egitasmoak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide