Emakumeen Eskuz Binakako Txapelketa Nagusian parte hartuko du Oihana Orbegozok

Mailo Oiarzabal 2021ko abe. 23a, 09:24

Pilotariak eta txapelketaren sustatzaileak atzo Azkoitian egindako aurkezpenean. (Mailo Oiarzabal)

Azkoitiko udaletxean aurkeztu zuten atzo Ados Pilotak lehen aldiz antolatu duen txapelketa profesionala. Lehen eta Promozio mailetako txapelketak jokatuko dituzte, eta otsailaren 27an izango dira bi finalak Azkoitiko Gurea pilotalekuan. 22 pilotarik jokatuko dute txapelketa, eta Orbegozo Andrea Aldaregaiarekin arituko da lehian.

Emakume esku pilotariek Binakako Txapelketa Nagusia jokatuko dute lehen aldiz, eta Azkoitian aurkeztu du txapelketa hori Ados Pilotak. Izan ere, pilotariek beraiek sortutako klubak Eusko Labelen babesarekin antolatu duen lehen txapelketa profesionalaren finalak Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatuko dituzte, otsailaren 27an. Txapelketaren lehen jardunaldia, berriz, igande honetan jokatuko dute Latasan (Nafarroa); Orbegozok han jokatuko du lehen neurketa.

Guztira 22 pilotarik parte hartuko dute txapelketan, eta bi mailatan banatuta lehiatuko dira: zazpi bikote ariko dira Lehen Mailako txapelaren bila, eta beste lau Promozio mailakoaren lehian. Lehen Mailako txapelketan parte hartuko du Oihana Orbegozo azpeitiarrak, eta hark Andrea Aldaregaia izango du bikote.

Bi mailetan bikote guztiek elkarren aurka jokatuko duten ligarekin hasiko da txapelketa. Lehen fase horretako sailkapeneko lehen bi bikoteak zuzenean pasatuko dira finalaurrekoetara Lehen Mailan. Hirugarrenak eta seigarrenak elkarren kontra jokatuko dute final laurdenetako bat, eta laugarrenak bosgarrenaren kontra bestea; bi neurketa horietako irabazleak ere finalaurrekoetara pasatuko dira. Promozio mailan, berriz, ligako lehen sailkatua finalean sartuko da zuzenean, eta sailkapeneko bigarrenaren eta hirugarrenaren arteko finalaurrekoan erabakiko da finaleko beste bikotea. Bi mailetan, ligako azken sailkatuak txapelketatik kanpo geldituko dira. Finalaren aurreko asteburuan, otsailaren 20an, jokatuko dituzte finalaurrekoak Amurrion (Araba).

Kontratuarekin eta amaren izenean

Ados Pilotako Iera Agirrek eman zituen txapelketaren xehetasunak atzoko aurkezpenean. Esku pilotariek garai bateko raketista aitzindariek urratutako bideari jarraipena eman nahi diotela azaldu zuen Agirrek, raketistak pilota munduko lehen emakume profesionalak izan zirela gogoratuz. Hain zuzen ere, hastear den Binakako Txapelketa Nagusian "lehen aldiz kontratuarekin" jokatuko dute pilotariek, eta mugarri horren garrantzia azpimarratu zuen Agirrek.

Raketistak ez ezik, "amak" ere lehen lerroan jarri nahi izan dituzte Ados Pilotakoek. Horrela, pilotari guztiek beren amen abizenarekin jokatuko dute txapelketa berria; Orbegozo azpeitiarra Iraeta abizenarekin ariko da. Harrobia lantzearen garrantziaz ere hitz egin zuen Agirrek; Promozio txapelketa antolatzeaz gain, gaztetxoagoen arteko partidak ere jokatuko dituzte txapelketaren jaialdietan.

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea "pozik" eta "eskertuta" agertu zen atzoko aurkezpenean, horrelako txapelketa bat egitera doazelako eta finalak Azkoitiak hartuko dituelako. Txapelketan gozatzea eta daukaten maila ematea opa die Zubizarretak pilotariei. "Zaletasun pixka bat badut, zuen partidak jarraitzen ditut, eta hasieratan ikusten nuenetik gaur egungora egundoko hobekuntza egon dela ikusi dut. Profesional bihurtzen ari zarete, ikuskizuna ematen duzue, eta gure pilotari are balio handiagoa ematen diozue", esan zien alkateak udaletxeko areto nagusian elkartutako pilotariei. Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak ere parte hartu zuen aurkezpenean, Eusko Label babesle nagusiaren izenean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide