Dozenaka lagunek salatu dituzte izurriari aurre egiteko ezarri dituzten azken neurriak

Ihintza Elustondo 2021ko abe. 24a, 17:19

Pandemiari eman dioten erantzun autoritarioari aurre egin! lelopean, elkarretaratzea egin dute arratsaldean plazan, GKSk deituta. Besteak beste, COVID ziurtagiria eta aire librean musukoa erabili beharra salatu dituzte.

COVID-19aren izurriari aurre egiteko ezarri dituzten azken neurriak salatzeko, elkarretaratzea egin dute 17:00etan plazan, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deituta. Pandemiari eman dioten erantzun autoritarioari aurre egin! lelopean egin dute protesta, eta dozenaka lagun elkartu da. Euskal Herriko hainbat txokotan egin dituzte mobilizazioak; tartean, Azpeitian. Besteak beste, honako aldarri hauek entzun ahal izan dira gaurko elkarretaratzean: "Ez da osasuna, kontrol soziala da", "COVID ziurtagiria kontrol soziala da" eta "non daude gure eskubideak?".

"Gero eta nabarmenagoa da enpresari handiek eta politikari profesionalek ezarri duten autoritarismoa. Izurritea kontrolpetik kanpo dagoen bitartean, osasunari dagokionez zentzurik ez duten neurriak hartzen jarraitzen dute. Oraingoan, COVID ziurtagiria ez ezik, aire librean musukoaren derrigorrezkotasuna ezarri dute, eta kutsatzeak kontrolatzeko militarrak erabiliko dituzte", adierazi du GKSk. Era berean, azpimarratu du egungo egoera esaldi batean azal daitekeela: "Gero eta pobrezia gehiago eta eskubide gutxiago".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide