Pankartak jartzen ari ziren bi gazte identifikatu nahi izan dituztela salatu du Sarek

Ihintza Elustondo 2021ko abe. 28a, 08:29

Sarek deituta abenduaren 24an egin zuten kontzentrazioa, abenduaren 31rako manifestaziorako deia eginez.

Abenduaren 31rako antolatu duten manifestaziorako deia egiten zuten pankartak ari ziren jartzen bi gazteak atzo arratsaldean. Sareren arabera, "ertzainen mehatxupean" lortu zuten pankartak jartzea, eta behin ekintza hori bukatzean, atzetik jarraitu eta gelditu egin zituzten.

Azpeitiko Sarek salatu duenez, pankartak jartzen ari ziren bi gazte identifikatu nahi izan zituen atzo –astelehena– Ertzaintzak. Zehazki, abenduaren 31rako antolatu duten manifestaziorako deia egiten zuten pankartak ari ziren jartzen. Sareren arabera, "ertzainen mehatxupean" lortu zuten gazteek pankartak jartzea, eta behin ekintza hori bukatzean, atzetik jarraitu eta gelditu egin zituzten.

Sareren arabera, "hasieratik oldarkor" agertu ziren bi ertzainak, eta "une oro gaztelaniaz mintzatuz" eskatu zieten identifikazioa bi gazteei. Sarek "gogor salatu" nahi du atzo arratsaldean gertatutakoa, "eskubideen urraketak behin betiko amaitzeko exijitzen ari garen garai hauetan". 

"Horrelako ekintzek erakusten dute batzuek korrentearen aurka dihardutela oraindik. Jarrai dezagun bidea egiten. Orain da unea. Abenduaren 31n denok plazara. Pow eta Gotzon Etxera", erantsi du Sarek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide