Ezohiko itxurarekin esnatu da Azpeitiko Izarraizko Atea parkea, eguna hasterako hainbat puzgarri baitzeuden parkeko zelaietan. Hain zuzen, laser borrokaldirako jarri dituzte puzgarriak Izarraizko Atean, eta goiz zein arratsalde dozenaka gaztetxo animatu da bertan parte hartzera.
Gabonetarako hainbat ekintza antolatu ditu Azpeitiko Udalak, eta horietako bat da gaur egindako laser borrokaldia. 10 eta 14 urte bitarteko gaztetxoek izan dute bertan parte hartzeko aukera, eta txandaka egin dituzte borrokaldiak. Eguraldia lagun, pistolak eskuan hartuta, hara eta hona ibili dira gaztetxoak, bi taldetan banatuta. Zenbaitek talde horia ordezkatu dute, eta besteek gorria, eta elkarren aurka aritu dira jolasean. Ezohiko itxura hartu du parkeak, ezohiko ekintza baterako, eta bertan parte hartu duten gaztetxoek gogotik gozatu dute.
Urtarrilean jarraituko dute ekintzekin; izan ere, urtarrilaren 1ean eta 2an eski simulatzailea jarriko dute plazan.