Aldaketekin bada ere, San Silbestre lasterketa egitea erabaki du Xeye atletismo taldeak

Anartz Izagirre 2021ko abe. 30a, 09:40

San Silbestre lasterketaren 2019ko irudi bat.

Proba nagusia egingo bada ere, inklusioa bultzatzeko 11:30erako aurreikusita zuten ohiko lasterketarik ez egitea erabaki dute. Bestalde, dutxarik eta aldagelarik ezin izango da erabili probaren ostean. Gaur dortsalak hartzeko aukera egongo da Azoka Plazan, 17:00etatik 20:00etara.

Urteko azken eguna izango da bihar, abenduak 31, eta iaz ez bezala, aurten San Silbestre lasterketa egingo da herriko kaleetan zehar. Egungo egoerak baldintzatuta bertan behera gelditu dira inguruko hainbat herritan Urtezahar egunean egin ohi diren hainbat San Silbestre lasterketa, baina Xeye atletismo taldeak probarekin aurrera jarraitzea erabaki du, hainbat aldaketa iragarri dituen arren.

Alde batetik, proba nagusiaren aurretik inklusioaren alde egin ohi den lasterketarik ez egitea erabaki dute. 11:30ean zen hastekoa proba hori, eta Alde Zaharrean 500 metroko ibilbidea egitea zegoen aurreikusita, baina azkenean ez da egingo. Proba nagusiari dagokionez, berriz, irteera orduan ez da aldaketarik izango; 12:00etan aterako dira korrikalariak plazatik, eta sei kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte-hartzaileek. Ibilbidea, bestalde, metro batzuk moztuko dutela iragarri dute Xeyekoek; hori dela eta, aurten Azpeitiko Ikastola Ikasberri pareko biribilgunea baino lehen hartuko dute itzulia korrikalariek. Horrez gain, antolatzaileek adierazi dute probaren ostean ezin izango direla aldagelak eta dutxak erabili.

Dortsalak gaur, osteguna, jasotzeko eskaera egin dute Xeyekoek. Azoka Plazan egongo dira horretarako, 17:00etatik 20:00etara bitartean.

XX. edizioa

Aurten zenbaki borobila beteko du Azpeitiko San Silbestre lasterketak, hogeigarren edizioa izango baita bihar egingo dena. Gainera, dortsal guztiak saldu dituzte; hau da, 700 korrikalarik parte hartuko dute lasterketan. San Silbestre lasterketa azkenekoz 2019ko abenduaren 31n jokatu zen, eta orduko hartan, Aitor Mimenza eta Onintza Zeberio izan ziren irabazleak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide