Azpeitia Cupen sailkapen fasea jokatuko dute hainbat taldek bihar hasi eta hiru egunez Garmendipeko futbol zelaietan. 36 talde ariko dira nor baino nor egun horietan, ekainean talde handienek jokatuko duten Azpeitia Cup txapelketarako lau txartelak eskuratzeko lehian.
Besteak beste, Gipuzkoako, Bizkaiko, Kantabriako zein Errioxako taldeak ariko dira txapelketaren aurretiazko fasean, hala nola Zarautz, Basander, Antiguoko, Zumaiako, Vasconia, Lengokoak, Comillas, Anaitasuna, Barakaldo, Mutriku nahiz Amaikak Bat. Gainera, Lagun Onaken lau taldek parte hartuko dute aurtengo edizioan.
Bihar, igandea, izango dira lehen neurketak: zehazki, 09:30ean izango da lehen partida, eta 19:00etan, azkena. Etzi eta etzidamu ere egun osoan izango dira partidak. Lehen bi egunetan lehian aurrera egitea lortzen duten hamar taldek jokatuko dituzte norgehiagokak. Honako lotura honetan ikus daiteke partiden ordutegia.
Bi urte dira txapelketa egin ez dutela, eta Azpeitia Cupen antolatzaileak datozen egunetarako gogoz eta ilusioz daudela jakinarazi dute.