Datorren ostegunean, Errege egunez, I. Euskal Duatloia jokatuko dute Azpeitiko zezen plazan. 11:30ean hasiko da txapelketa, eta guztira, bederatzi herri kirolarik parte hartuko dute lehian: Xabier Zaldua, Ioritz Gisasola, Oier eta Julen Kañamares, Eneko Saralegi, Ugaitz eta Aratz Mugertza, Aritz Irazabal eta Arkaitz Jauregi ariko dira nor baino nor gehiago.
Aizkora eta korrika uztartuko dituzte I. Euskal Duatloian: 45 ontzako etzandako lau enbor moztu, lau kilometro korrika egin, eta 45 ontzako zutikako lau enbor ebaki, horiek dira duatloiko parte hartzaileek osatu beharko dituzten lanak. Herri kirol probarako sarrerak Azpeitiko Mendizabal erretegian eta Tolosako (Gipuzkoa) Kantabrikon daude salgai, 20 euroan.