Gaur, astelehena, iluntzean egingo dute Azpeitiko Udaleko eta helduen danborradako taldeetako ordezkariek aurtengo sansebastianei buruzko azken erabakia hartzeko bilera. Asteak dira helduen danborrada kolokan dela, Labik ezarritako neurriak tarteko, baina gaur arratsaldean udaletxean egingo duten bileran hartuko dute aurtengo helduen danborradari buruzko behin betiko erabakia.
Helduen danborradarekin zer egin gaur erabakiko dute, baina haurrena dagoeneko bertan behera utzita dago. Izan ere, joan zen ostiralean erabaki zuten Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Iraurgi Ikastetxeko, Karmelo Etxegarai Ikastolako, Itsasi dantza taldeko, Juan Antxieta musika eskolako, ikastetxeetako guraso elkarteetako eta Azpeitiko Udaleko ordezkariek San Sebastian egunez, behintzat, danborradarik ez egitea, egungo osasun egoera tarteko, horretarako baldintzarik ez dagoela iritzita. Dena den, egoerak ahalbidetzen duenean danborrada egiteko konpromisoa adierazi dute horiek.
Elkarretaratzea, plazan
Sansebastianetan danborrada egitea bideragarria dela uste duen herritar talde batek elkarretaratzea egin zuen joan zen ostegunean plazan. Gaurko beste deialdi bat egina dute herritar horiek: kontzentrazioa gauzatuko dute 20:00etan, plazan.