Sistiaga Erreka eta Kukuherri arteko bideak itxita jarraituko du denbora batez

Julene Frantzesena 2022ko urt. 12a, 10:36

Luiziak eragindako kalteak handiak direlako eta segurtasuna bermatzea ezinbestekoa delako jarraituko du itxita errepideak. Abenduaren hasieran izan ziren euriteek eragin zuten luizia, eta ez zen nolanahikoa izan. Eremua konpontzeko azterketa teknikoa gauzatzen ari da Azpeitiko Udala.

Hilabete igaro da Sistiaga Erreka eta Kukuherri arteko errepidean luizia izan zela, eta orduz geroztik itxita jarraitzen du bideak. Ez dute, gainera, epe laburrean zabalduko, luiziak eragindako kalteak handiak direlako eta segurtasuna bermatzea ezinbestekoa delako.

Abenduaren hasieran izan ziren euriteek eragin zuten luizia, eta ez zen nolanahikoa izan; errepidea hondoratu, zati bat pendizean behera bota eta harri lubeta hautsi du. Herri bide hori Azpeitikoa da, eta udalak Uztarria.eus-i azaldu dionez, errepidea nola konpondu ikusteko azterketa teknikoa gauzatzen ari da erakundea, eta azterketa tekniko horren menpe dago, beraz, konponbidea.

Ezbeharra izan eta gutxira hasi zen Azpeitiko Udala egoera aztertzen, baina luiziak eragindako kalteak "handiak" direla azaldu du erakundeak. "Ez da beste luizi batzuetan bezala, eremua garbitu eta listo. Honek beste tratamendu bat eskatzen du, eta lanean ari da udala, baina luzerako jo dezake", azaldu du Josu Labaka zinegotziak. Gainera, eremua konpontzeko diru kopuru handi samarra beharko dela ere aurreratu du hark.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide