Koronabirusak bizi-bizi hedatzen jarraitzen du Urola Kostan. Eusko Jaurlaritzak gaur plazaratu duen txostenaren arabera, eskualdean 1.180 kasu detektatu dituzte azken hiru egunetan.
Azpeitian 215 kasu hauteman dituzte azken hiru egunetan, eta ia mila puntuko jaitsiera izan du intzidentzia tasak, hau da, 8.173,46an kokatu da orain. Eskualdean, oraingo honetan, Zarautz izan da positibo gehien atzeman duten herria; 385 kasu izan dira guztira han, eta intzidentzia tasa 6.596,14 da gaur-gaurkoz. Azkoitian (9.229,74) detektatutako kopurua, bestalde, Azpeitikoaren antzekoa izan da: 229. Zumaiari (7.743,97) dagokionez, 132 positibo atzeman dituzte han, eta Orion (6.099,15) zenbatutako positiboak 111 dira.
Ehun positibo baino gutxiagoko langatik behera daude Getaria 48 positiborekin (8.445,23), Aian 40 izan dira (6.952,14), Aizarnazabalen 11 (4.941,48), Beizaman lau (5.645,16) eta Errezilen bost (5.475,04).
Osakidetzak aste honetan jakinarazi duenez, zaurgarriak diren kontaktu estuei bakarrik egingo dizkie COVID-19a atzemateko probak. Pertsona zaurgarritzat hartuko dituzte 70 urtetik gorako herritarrak, haurdun dauden emakumeak, immunoeskasia duten pertsonak, txertatu gabekoak eta gaixotasun kronikoak dituztenak.
RO indizea, batetik behera
Osasun Sailaren gaurko txostenak albiste onen bat utzi badu, hori RO indizearen datuan igarri daiteke. Hiru hilabetez 1etik gora egon da zifra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta gaur 0,92 da. Hego Euskal Herriko datuei dagokionez, 12.058 positibo detektatu ziren atzo egindako probetan. Araban 1.556 izan ziren, Bizkaian 4.590, Gipuzkoan 3.238 eta Nafarroan 2.674.
Osakidetzaren mendeko erietxeetan 96 lagun ospitaleratu zituzten atzo koronabirusak jota, eta denera, 807 paziente daude erietxeetan, horietatik 136 ZIUetan. Nafarroan, berriz, ospitaleetan 266 gaixo daude COVID-19arekin, horietatik 36 ZIUetan.