Erronka bat, tontorrak ugari

Julene Frantzesena 2022ko urt. 18a, 10:36

Herriko familia batek #75tontor egitasmorako Txindokitik uztailean bidalitako argazkia. (Lagun Onak Mendi Bazkuna)

Iritsi da amaierara Lagun Onak Mendi Bazkunak iazko urtarrilean martxan jarri zuen #75tontor egitasmoa. Urtarrila bukatu bitartean lau menditara txangoa egiteko aukera dute herritarrek: Urkora, Altzegira, Pagasarrira eta Xoldokara. Lagun Onakeko kideak "oso gustura" dira erronkak herrian izan duen erantzunarekin.

Azken txanpan da Lagun Onak Mendi Bazkunak taldearen 75. urtemuga dela-eta martxan jarritako #75tontor erronka. Taldeak 2021eko urtarrilean ekin zion herritarrei hilabete bakoitzerako mendiak proposatzeari, eta urtebetera emango dio bukaera egitasmoari. Hain zuzen ere, Urko (795 metro), Altzegi (1.015 metro), Pagasarri (671 metro) eta Xoldoka gaina (486 metro) igotzeko parada dute herritarrek urtarrila amaitu bitartean.

Urtebetean Euskal Herriko hainbat txokotako mendiak proposatu ditu Lagun Onakek, nahiz eta behin baino gehiagotan moldatu behar izan dituen proposamenak, COVID-19aren pandemia tarteko ezarrita ziren neurriak tarteko. Erronkan parte hartu duten herritarrek tontorretatik argazkiak bidali dituzte hilabeteotan –Lagun Onaken Flickerreko kontuan ikus daitezke horiek–, eta taldeak Uztarria.eus-i azaldu dionez, orain arte 74 menditatik jaso dituzte argazkiak. "Zehazki, 1.900 tontor ingururen argazkiak jaso ditugu orain arte; pertsona kopurua baxuagoa izango da, noski!", azaldu dute taldeko kideek.

Herritarrek igoera gehien gauzatu dituzten mendiak, berriz, honako hauek izan dira: Murumendi, Andutz, Kukuarri, Gazume eta Uzturre. Badu, baina, azalpena horrek ere. "Itxiera perimetrala ezarrita zegoen garaian egindako txangoak tarteko, horiek izan dira gehien igo zituzten mendiak; izan ere, ezin zen lurraldetik atera hilabete haietan".

Lagun Onak Mendi Bazkunak egitasmoaren balorazio "positiboa" egin du. "Ez zegoen halako egitasmo baten aurrekaririk, eta beraz, ez genekien jendeak nola erantzungo zuen. Ikusi duguna da era honetako egitasmoek ere harrera ona izan dezaketela gure inguruan". COVID-19a tarteko bizitako egoerak "pixka bat" lagunduko zuen susmoa dute taldeko kideek; izan ere, haien esanetan, konfinamenduaren ostean herritarrak mendira jotzen hasi ziren. "Jendea bere kasa, planak eginda, mendi bueltak egitera bultzatu nahi genuen, eta hori lortu dugu".

Egitasmoa oraindik ez da bukatu, baina baikor daude Lagun Onakeko kideak. Izan ere, herritarren artean proposatu dituzten mendi guztiak igotzea lortu, eta ondorioz, erronka beteko dutela azaldu dute. "Tartean, gainera, zenbaitek tontor guzti-guztiak igoko dituzte. Hori izugarrizko lorpena da, denbora ez ezik, zaletasuna eta gogoa behar direlako horretarako".

Jendea "gustura"

Herritarrak #75tontor erronka egiten "gustura" ari diren sentipena dute taldeko kideek. Haiek diotenez, hala azaldu die batek baino gehiagok. "Batzuk erronkarekin hasi eta kateatu egin omen dira; hainbeste mendi igoko zituztenik ez omen zuten espero". Bestalde, herritarrek tontor eta leku pila bat ezagutzeko parada izan dutela ere esan dute. "Kilometro pila bat egin dituzte, baina betiko mendi bueltetatik haratago, tontor berri batzuk ezagutzeko aukera izan dute".

Hilabetero erronkan parte hartu duten eta proposatu dituzten mendietara joandako herritarren artean zozketak egin dituzte Lagun Onakekoek, eta hainbatentzat hori "pizgarria" izan dela adierazi dute: "Batzuek esan digute ilusio puntua egiten ziela sariren bat irabazteak".

Baldintzatutako erronka

Lagun Onaken 75. urteurrenaren harira hainbat ekintza egin dituzte mendizaleek, baina horietako hainbat baldintzatu ditu COVID-19aren pandemiak, baita zenbait ekintza bertan behera utziarazi ere. Taldeko ordezkarien arabera, ezohiko egoerak bete-betean jo du erronka ere. "Hasierako hilabetean, esaterako, Euskal Herriko lurralde batzuetara joatea zegoen baimenduta, gero beste batzuetara, geroxeago Ipar Euskal Herrira... Hasieratik genuen prestatuta 75 tontorren zerrenda, baina aldatu egin behar izan dugu, egoeraren arabera".

Iazko otsaila ere ekarri dute gogora, Azpeitian itxiera perimetrala ezarrita baitzegoen, eta ondorioz, ezin izan baitzuten erronka egin. "Horregatik bukatuko da aurtengo urtarrilean #75tontor erronka, hilabeteko atzerapenarekin". Dena den, espero bezala atera zaie egitasmoa. Hala azaldu dute Lagun Onakekoek. "Jendeak ondo erantzun eta parte hartu du, sariak banatu ditugu... Beraz, helburua bete dugu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide