Azpeitia Bizirik taldeak deituta, COVID ziurtagiriaren aurkako elkarretaratzea egingo dute ostiralean, hilak 21, Azpeitiko plazan. COVID ziurtagiriari ez! lelopean elkartuko dira, 19:00etan. Talde horren arabera, "osasuna aitzakiatzat hartuta inposatu" dute ziurtagiria, eta beraz, herritarrei haren aurkako protestara joateko deia egin diete.
"Gure arbasoek maitasunean, askatasunean, laguntasunean, gizatasunean, anaitasunean, zuzentasunean eta berdintasunean oinarrituriko gizartea eraiki zuten, eta guri dagokigu haiengandik jasotako giza balio horiek gure ondorengoei irakastea. Gizarte eredu honetan, osasuna aitzakiatzat hartuta inposaturiko COVID ziurtagiria bezalako ezerk ez dauka lekurik. Zerbait irakasteko modu egokiagorik ba al da geuk praktikatzea baino? Hori adierazten duen esamolde bat daukagu euskaraz: 'Zer ikusi, hura ikasi'. Beraz, Gandhik zioen bezala, lege bat bidezkoa ez denean, gure eginbeharra ez betetzea da", adierazi du Azpeitia Bizirik taldeak.