Martxan da herriko ikasleek osatuko duten Haurren Kontseilua

Anartz Izagirre 2022ko urt. 25a, 08:45

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleek osatuko dute Haurren Kontseilua, eta tokiko kudeaketarekin zerikusia duten gaiei buruzko ikuspegia emango diote alkatetzari. Udalak adierazi duenez, haurrei "protagonismoa eta erabakitze ahalmena" emango dizkiete besteak beste talde horren bitartez.

Abian da dagoeneko Haurren Kontseilua, herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek osaturiko talde berria. Udalak adierazi duenez, partaideek tokiko kudeaketarekin zerikusia duten gaiei buruzko ikuspegia emango diote alkatetzari; hau da, herrian egon daitezkeen arazoei buruzko aholkuak eta proposamenak emango ditu Haurren Kontseiluak. Erakundeak nabarmendu du "proposamenak entzuteko eta baloratzeko konpromisoa" hartuko dutela.

Udalak eta Oinherri elkarteak hitzarmena sinatuta dute, eta udalak nabarmendu du Azpeitia herri hezitzailea izateko "konpromisoa hartuta" duela, "herri hezitzaile filosofiaren inguruko lanketa aurrera eramateko". Azaldu dute halako sareetan parte hartzeak "haurraren ikuskera berri bat" dakarrela: "Haurra etorkizuneko herritar edo etorkizuneko pertsona heldu moduan ikusi beharrean, gaur eta hemen eskubidedun herritartzat aitortzen da. Hala, txikitatik herriko erabakietan parte hartzeko eskubidea eta betebeharra ematen zaizkie".

Ildo horretatik, erakundeak azpimarratu du herri hezitzaile batek "guztientzat" dakartzala onurak: "Haurrak edo bazterretako bestelako pertsonak erdigunean jartzeak bestelako praktikak eta egiteko moduak dakartza". Herri hezitzailea, bestalde, "balio hezitzaile batzuen gainean" landu nahi dutela diote, hala nola, berdintasunean, aniztasunean, parte-hartzean, eta euskaran oinarrituta, eta lanketa horretarako, Gazteria Saileko hezitzaileak "ezinbestekoak" izango direla azaldu dute, ikasleek horiek izango baitituzte bidelagun Haurren Kontseiluan.

Talde horren bitartez, haurrei "protagonismoa" emango zaiela jakinarazi du udalak, baita "erabakitzeko ahalmena eta erantzukizuna" ere; aldi berean, Haurren Kontseiluaren xedea "haurrak entzuten ikasiz gaietan sakontzea" dela adierazi dute.

Hona hemen udalak eginiko Haurren Kontseiluaren aurkezpen bideoa:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide