"Epe motzean" hasiko dituzte Izarraizko Atean skate parkea eraikitzeko obrak

Maialen Etxaniz 2022ko urt. 25a, 17:01

Loiolako Inazio Hiribidearen alboko zelaian eraikiko dute skate park berria.

Zut Skateparks enpresak egingo du parke berria, eta lanek  303.908 euroko aurrekontua izango dute. Udalak jakinarazi duenez, "datozen asteetan" hasiko dira skate parke berria egiteko obrak, eta hamasei asteko epean bukatzea aurreikusten dute. Gaur egungo skate parkearen lekuan zer egin aztertzen ari da udala. 

Azpeitiko Udalak esteilu ditu Izarraizko Atea parkean egitekoak diren skate parke berriaren lanak. Hain zuzen, erakundeak lehiaketa publikora atera zuen proiektua, eta gaur jakinarazi duenez, Zut Skateparks enpresak egingo ditu obrak. Udalak azaldu du "epe motzean" hasiko direla parkea eraikitzeko obrekin. Hain zuzen, lanei "datozen asteetan" ekingo dietela jakinarazi du erakundeak, eta aurreikuspenen arabera parkea eraikitzeko obrek hamasei aste inguru iraungo dute. Guztira, 303.908 euroko aurrekontua izango dute skate parke berria eraikitzeko lanek. 

Skate parke berriaren pistak 1.310 metro koadro inguruko eremua hartuko du Izarraizko Atean, eta Loiolako Inazio Hiribidearen alboko zelaian eraikiko dute. Bertan, street eta art skateboarding modalitateetarako egokia den azpiegitura egingo dute, eta bi gune izango ditu, baina lotuta egongo dira biak. Udalaren arabera, "erdigunean bainera" izango due eta egitura berean hiru gune egingo dituzte. Ertz eta kurba desberdinak izango ditu, eta 4,5 zentimetroko spin-aren bidez elkartu eta zabalgunean bilduko dira. Horretaz gain, street gunea ere izango da erdigunearen eta baineraren artean, patinatzeko elementu desberdinekin.

Abenduan jakinarazi zuen udalak skate parke berria egingo duela Izarraizko Atean, kirol horretan zaletasuna duten taldeekin eta nerabeekin egin zuten parte-hartze prozesuan azaldutako beharrak eta eskaerak aztertu ostean. Udala zein zaletuak "gustura" agertu ziren proiektu berriarekin. 

Udalak jakinarazi du herriko skate parke zaharraren lekuan zer egin aztertzen ari dela, baina oraindik orain ez duela proiektu zehatzik. Dena den, eremu hori "segurtasunagatik" itxi egingo dutela aurreratu du erakundeak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide