Gotzon Aranburu preso azpeitiarra Euskal Herriratu egingo dute

Julene Frantzesena 2022ko urt. 25a, 15:58

Sarek deituta, abenduaren 31n presoen eskubideen alde Azpeitian egin zen manifestazioko irudia.

Espainiako Espetxe Erakundeak eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak jakinarazi dute zazpi euskal preso Euskal Herriratuko dituztela. Iazko apiriletik Palentzian, Dueñasko kartzelan, dago espetxeratuta Aranburu. Ez dute zehaztu zer espetxetara eta noiz eramango duten azpeitiarra.

Gotzon Aranburu preso azpeitiarra Euskal Herriratu egingo dute. Gaur, asteartea, zazpi euskal preso Euskal Herriko espetxeetara gerturatuko dituztela jakinarazi dute Espainiako Espetxe Erakundeak eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak. Dena den, ez dute zehaztu zer espetxetara eta noiz eramango dituzten horiek.

Joan zen apiriletik Dueñasko (Palentzia, Espainia) espetxean dago preso azpeitiarra –orduan lekualdatu zuten Villenako (Alacant) kartzelatik–. Aranburu ez ezik, Asier Garcia, Imanol Miner, Lierni Armendariz, Bittor Franco, Iñaki Reta eta Xabier Zabalo presoak ere Euskal Herriko kartzeletara mugituko dituzte; hau da, Martutenera (Gipuzkoa), Zaballara (Araba) edo Basaurira (Bizkaia). Eusko Jaurlaritzak erabakiko du preso bakoitza nora lekualdatu.

2002ko abenduan atxilotu zuten Gotzon Aranburu, Jesus Mari Etxeberriarekin batera, ustez ETAko kideak zirelakoan, Collado Villalban (Madril) Guardia Zibilaren kontrol baten ondoren tiroketa izan eta gero. Tiroketan polizia bat hil eta Aranburu larri zauritu zen. Aranbururi 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta 20 urte daramatza espetxeratuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide