Saharako errefuxiatuen kanpamentuetara bidaltzeko eskolako motxilak jasotzen ari da Khamar

Mailo Oiarzabal 2022ko urt. 26a, 08:33

Saharako errefuxiatuen kanpamentuetako ikasleak duela urte batzuk hemendik bidalitako motxilekin. (Khamar)

Otsailaren 4ra arte egingo dute bilketa herriko ikastetxe guztietan eta Elkargunean. "Etxean bazterrera utzita" izan ditzaketen motxilak eskatu dituzte.

Aurreko urteetan egin izan duen antzera, aurten ere Saharako errefuxiatuen kanpamentuetara bidaltzeko eskolarako motxilak jasoko ditu Khamar elkarteak Azpeitian. Herenegun hasi zuten bilketa kanpaina, eta otsailaren 4ra arte izango dute herritarrek "etxean bazterrean utzita" dituzten motxilak emateko; herriko ikastetxe guztietan eta Soreasuko Elkargunean ari dira jasotzen motxilak.

"Saharar herriak jasaten duen egoera larria salatzeko eta errefuxiatu kanpamenduetan pairatzen duten egoera hobetzeko" lanean dihardu Azpeitiko saharar herriaren aldeko elkarteak. Besteak beste, errefuxiatuen kanpamentuetan dagoen Ausserreko eskolarekin lankidetzan ari dira Khamarrekoak 2008tik, eta hango ikasleentzako izango dira Azpeitian jasotzen dituzten motxilak. Han dituzten beharrak identifikatzen eta horiek asetzen saiatzen dira urtero Azpeitiko elkartekoak, eta motxilen beharra da kanpamentuetara eginiko bidaietan "behin baino gehiagotan helarazi" dieten beharra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide