Top Market azoka Azpeitira iritsiko da igandean

Julene Frantzesena 2022ko urt. 27a, 12:43

Igeldon egin zuten Top Marketeko irudia bat.

11:00etatik 17:00etara hainbat postu izango dira Haginpe tabernan eta haren atarian, hala nola Oninpintage, Aizterri Home, Gigil Design, Elene Tamayo, Mono eta Holz Und Blech markak izango dira produktuak saltzen. MR. Soto eta Munizzio DJek girotuko dute merkatua.

Igandean moda, artisautza, dekorazioa eta bitxigintza uztartuko dituen azoka izango da plazako Haginpe tabernan eta haren atarian. Izan ere, Top Market egitasmoak han izango du hurrengo geltokia. 11:00etatik 17:00etara hainbat postu izango dira han, hala nola Oninpintage, Aizterri Home, Gigil Design, Elene Tamayo, Mono eta Holz Und Blech markak izango dira produktuak saltzen.

Onintze Olasagasti da Top Market egitasmoaren sustatzaileetako bat –bigarren eskuko arropen postua jarriko du–, eta hark azaldu duenez, jasangarritasunaren aldeko mugimendua sustatzeko xedez sortu zuten azoka ibiltaria. "Duela bi urte egin genuen lehen azoka Donostiako Tabakaleran, eta orduz geroztik, Gipuzkoako hainbat tokitan gauzatu dugu". Besteak beste, Zumaian, Arrasaten, Itziarren, Zarautzen, Azkoitian, Orion nahiz Igeldon egin dute azoka, eta erantzun "oso ona" izan dute hitzorduek. Hala esan du Olasagastik: "Azoka guztiak desberdinak izan dira, hitzordu bakoitzera joan den jendea ere desberdina izan delako, baina ikaragarrizko esperientzia ari da izaten. Jende pila bat ezagutu dut, trukeak egin ditut, jendearekin hitz egin dut... Toki bakoitzak bere xarma dauka".

Orain arte, Top Market azoketara joan izan da Javi Soto, eta oraingoan, antolaketan ere buru-belarri sartu da. Izan ere, hark proposatu zien Haginpeko kideei azoka tabernan eta haren atarian egitea. "Plan berezia da igande baterako, eta gu oso gustura gaude proposamena ontzat jo zutelako Haginpekoek". Hark azaldu duenez, arropen jasangarritasuna da merkatuaren funtsa. "Arropa asko erosten dugu, eta truke edo salmenta bidez, horiei bigarren erabilera ematea da xedea". Gainera, Sotok adierazi duenez, azokan aurkitu ahal izango den arropa "berezia eta bakarra" da.

Musika ere bai

Inguruko herritarrak elkartu nahi izaten dituzte azokako postuetan, eta igandean ere askotariko produktuak eskuratu ahal izango dira Azpeitian, bost markak eramango baitituzte produktuak merkatura. Izan ere, bigarren eskuko arropa ez ezik, dekoraziorako elementuak, bitxiak, ilustrazioak nahiz zeramikazko artisau lanak ere eskuratu ahal izango dira.

Gainera, MR. Soto eta Munizzio DJak arduratuko dira giroa musikaz alaitzeaz. Sotok adierazi duenez, halako ekitaldi batean musika jarriko duen lehen aldia izango denez, "gogo handiarekin" dago. "Eguraldi ona dago iragarrita iganderako, eta ekitaldi berezia izan daitekeela uste dut". Jazz, blues nahiz house doinuak entzun ahal izango dira, baina musika bereziagoa ere bai, haren esanetan. Dena den, argi du: "Azoka izango da erdigunea, eta musika bigarren planoan egongo da".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide