Martxoaren 12an Sanagustinen joko du Zelanda musika taldeak

Andoni Elduaien 2022ko urt. 28a, 09:03

Zelanda taldeko hiru lagunak. (Zelanda taldea)

Hesian taldearen errautsetatik jaio berri den Zelanda hiruteak STR taldearekin batera emango du kontzertua Sanagustin kulturgunean. Martxoaren 12ko 21:00etan izango dira bi kontzertuak, eta dagoeneko eskuratu daitezke sarrerak.

Zelanda taldeak Azpeitian joko du martxoan. Ane eta Iñaki Bastida anai-arreba azpeitiarrek eta Fran Uriasek osatzen duten hirukotea Sanagustin kulturgunean izango da martxoaren 12an, 21:00etatik aurrera kontzertua eskaintzeko. Bizkaiko STR musika taldearekin batera arituko da Zelanda Sanagustinen. Emanaldirako sarrerak jarri dituzte saltzen, eta 11 euroren truke eskuratu ahal izango dira.

Zelanda musika taldearen mamia eta funtsa Urias musikariak eraiki zuen eta gero batu ziren taldera bi azpeitiarrak –honako lotura honetan irakur daiteke joan zen irailean Uztarria.eus-ek horiei egindako elkarrizketa–. Hesian taldeari lotuta hainbat urte egin ondoren, sorkuntzaren inertziari tiraka jardun du Urias gitarra jotzaileak eta abeslariak, eta kantuak borobiltzeko asmoz, azken boladan taldekide izan zuen Ane Bastida baxu jotzailea batu zuen taldera. Arrebak anaia batu zuen gero proiektura, eta hirukoteak Zelanda taldea osatu du. Musika taldeak rock konponketa modernoak aurkeztuko ditu Azpeitian, eta gitarra zorrotzak leuntzen dituen oinarrietan babestuta, lelo arinak eta eraginkorrak abestuko dituzte.

Zelandarekin batera STR taldea arituko da Sanagustinen. 2019an, Bizkaian sortu zuten musika taldea Iker Villa, Aritz Mendiola, Xabier Bengoa, Oihan Moreno eta Lander Campos musikariek. Gaua estudioan grabatutako eta Baga-Biga Musika Ideiak ekoiztetxeak egindako Göxö EP digitala aurkeztu zuten orduan. Erritmo geldoak erabiltzen dituzten beren lanean, egunerokotasunari erreferentzia eginez kantatzeko. Göxöki, Cansado eta Maitatzearen mina singleak ere aurkeztu ditu taldeak azken urtean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide