Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dauden osasun neurriak otsailaren 13ra arte luzatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak—Nafarroan otsailaren 14ra arte egongo dira indarrean— . Pandemiaren bilakaera aztertzeko bilera egin du gaur arratsaldean Labi instituzionalak, eta duela minutu gutxi eman du bertan hitz egindakoen berri Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. Horrez gain, Jaurlaritzak COVID ziurtagiriaren erabilera luzatzeko nahiz beste eremu batzuetara zabaltzeko baimena ere eskatu dio EAEko Auzitegi Nagusiari, eta datorren asteartean emango dute erabaki horren berri. Besteak beste, hoteletan, etxe turistikoetan zein joko aretoetan ere COVID pasaportea derrigorra izan dadin nahi du Jaurlaritzak.
Beraz, orain arte bezala ostalaritzako establezimenduek, saltoki komertzialek eta aisialdi, gizarte zein kultur ekintzetako espazioek 01:00etarako itxita egon beharko dute, abenduan jakinarazi zuten bezala. Horrez gain, gune horietako edukiera ezingo da %60 baino handiagoa izan, terrazetan nahiz mahaietan gehienez hamar laguneko taldeak batu ahal izango dira, eta zutik ezin izango da kontsumitu. Garraio publikoari dagokionez, berriz, azken zerbitzuak 02:00etan amaituko dira.
Otsailaren 13ra bitartean abenduan ezarritako neurriak berberak izango badira ere, Eskola Kiroleko lehiaketak martxan izango dira berriro gaurtik aurrera, hala jakinarazi baitu gaur sailburuak.
Intzidentziaren beherakada
Sagarduik "zuhurtzia eta prebentzioa" eskatu ditu gaurko agerraldian, eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasaren bilakaera beheranzkoa bada ere, jaitsiera moteltzen ari dela gogorarazi du. Ildo horretatik, nabarmendu du egunero 5.000 positibo inguru zenbatzen ari direla oraindik, eta hori izan dela Labik egun indarrean dauden neurriei eusteko arrazoi nagusia.