Hiru puntu poltsikoratu dituzte asteburuan Lagun Onakeko neskek, eta puntu bat lortu dute mutilek

Anartz Izagirre 2022ko urt. 30a, 10:31

Lagun Onakeko nesken atzoko hamaikakoa. (Lagun Onak)

Emakumeen Ohorezko Erregional Mailan 2-1 nagusitu zen Lagun Onaken taldea Ostadarren aurka etxean jokatutako partidan. RFEF ligako 3. mailako mutilek, berriz, Deustutik puntu bakarra etxeratzearekin konformatu behar izan zuten.

Lagun Onaken bi talde nagusiek lehen baino puntu gehiagorekin amaitu dute asteburua. Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako taldeak Garmendipen jokatu zuen norgehiagoka Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Ostadar taldearen aurka, eta 2-1 nagusitu zen Unai Urbizuk gidatzen duen taldea futbol zelaian. 20. minutuan heldu zen partidako lehen gola, eta kanpoko taldea izan zen baloia sareratu zuena. Horrek, ordea, ez zuen etxeko hamaikakoa kikildu, eta atsedenaldiaren ostean heldu zen Lagun Onakeko neskek lehen gola; Egu izan zen golegilea, eta 58. minutuan egin zuen gola. Laster heldu zen norgehiagokako bigarren eta azken gola ere; 77. minutuan Nahiaren erdiratze bat aprobetxatuta Nora izan zen golegilea.

RFEF 3. mailako gizonek, aldiz, ez zuten zorte bera izan Deustuko taldearen aurka etxetik kanpo jokatu zuten partidan. Hutsean amaitu zen partida, eta norgehiagoka gogorra bizi izan zuen Ander Avellanedaren taldeak futbol zelaian. Aukera gutxi izan zituzten jokalariek golak sartzeko, eta partidaren azken hamabost minutuetan Deustuko taldeak hainbat aukera izan bazituen ere, Lagun Onakeko mutilek gogor eutsi zioten, eta, azkenean, golik gabe amaitu zen partida. Beraz, jardunaldi honetan puntu bat erdietsi dute mutilek etxetik kanpo.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide