Bi film ikusteko aukera izango da igandean eta astelehenean Soreasu antzokian. Igandean, 16:30ean hasita, haurrei zuzendutako Clifford, el gran perro rojo filma ikusi ahal izango da; 19:30ean, berriz, La Polla Records musika taldearen No somos nada dokumentala emango dute, baita astelehenean 21:00etan ere. Emanaldietarako sarrerak honako lotura honetan eskura daitezke.
Clifford, el gran perro rojo iaz AEBetan ekoiztutako filma da, eta Walter Becker da haren zuzendaria. Honako hau da lanaren sinopsia: "Emily Elizabethek abere erreskatatzaile magiko bat ezagutzen du, eta txakurkume gorri bat oparitzen dio. Esnatzean, hiru metroko txakur erraldoi bat aurkituko du New Yorkeko bere apartamentu txikian. Bere ama negozio bidaia batean dagoen bitartean, Emily eta haren osaba Casey abentura dibertigarri batean murgilduko dira".
No somos nada, berriz, Javier Corcuerak egindako dokumentala da. La Polla Records punk talde entzutetsuaren agurraren harira egindako lana da, Evaristo Paramos abeslariaren taldearen 40 urteko historia gogora ekartzeko egina.