Koronabirusa Azpeitian

EAEko Auzitegi Nagusiak baztertu egin du COVID ziurtagiriaren erabilera luzatzea eta zabaltzea

Anartz Izagirre 2022ko ots. 1a, 13:08

Eusko Jaurlaritzak ziurtagiria otsailaren 13ra luzatzea ez ezik eremu gehiagotara zabaltzea ere eskatu zuen, baina EAEko Auztegi Nagusiak ez du eskaera onartu.

Eusko Jaurlaritzak COVID ziurtagiriaren erabilera otsailaren 13ra luzatzeko eta eremu gehiagotara zabaltzeko asmoa iragarri zuen joan zen ostiralean, baina EAEko Auzitegi Nagusiak baztertu egin du aukera hori. Hori dela eta, gaurtik aurrera ez da derrigorra izango COVID pasaportea erakustea tabernetan zein jatetxeetan, kultur aretoetan, kiroldegietan nahiz orain arte derrigorra zen bestelako guneetan. Ziurtagiria, ordea, indarrean dago 50 mahaikidetik gorako jatetxeetan eta gaueko aisialdian, Espainiako Auzitegi Gorenak toki horietan eskatzeari oniritzia eman baitzion abenduan.

Epaileek adierazi dutenez, intzidentzia metatua eta ospitaleetako okupazioa nabarmen jaitsi dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Eusko Jaurlaritzak ez du "behar bezala justifikatu" neurria eraginkorra dela, ziurtagiria gune gehiagotara zabaltzeko nahiz otsailaren 13ra luzatzeko. Atzo, astelehena, ildo beretik hitz egin zuen EAEko Fiskaltzak ere, eta ez zuen egokitzat jo ziurtagiria hoteletara, turismo ostatuetara zein joko aretoetara zabaltzea, nahiz eta ziurtagiriaren erabilera luzatzearen alde agertu zen.

Eusko Jaurlaritzak oraingoz ez du EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiaren baloraziorik egin, eta ez dute esan helegitea aurkeztuko duten ala ez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide