Santa eskea, ohi baino kopla gutxiagorekin

Amaia Urbieta eta Andoni Elduaien 2022ko ots. 3a, 10:37

Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleak herriko kaleetara aterako dira. Urola Ikastolakoak, ordea, ez dute santa eskerik egingo. Matxinbentan ez dute Santa Ageda festa ohi bezala ospatuko, eta Erniarraitz bertsozale elkarteko taldea ere ez da aterako.

Makilekin gogor kolpatu eta esnatzeko deia egiten zaio lurrari biharko egunez, negu luzearen erdian. Aintzinako usadioak bizirik dirau egungo jendartean, eta ohikoa da Santa Ageda egunaren bezperan, San Blas egunaren ostean, kaleak kantuz alaitzen dituzten taldez betetzea. Baserri eta auzoetara jotzen dute beste batzuek zuzenean, eta doinu solemnean kantatzen dituzte koplak: Zorion etxe hontako denoi, oles egitera gatoz, hasi ohi dira.

Iaz ez zen kopla askotarako aukerarik izan, pandemiak eragindako egoera delikatua tarteko. Aurten ere ziurgabe samarra da egoera, eta eskualdeko zenbait lekutan ohiko santa eskerik egingo ez duten arren, ohitura zaharrari keinu ugari egingo dizkiote tokian toki. Etzi, larunbatean, izango da Santa Ageda eguna, eta haren bezperan –bihar– aterako dira hainbat eta hainbat herritar kantura.

Matxinbentan, esaterako, ez da ohiko Santa Ageda festarik izango, ezta santa eskerik ere. Dena den, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko DBHko ikasleak santa eskean aterako dira kalera goizean. 19:00etan, Sanagustin ataritik, berriz, ikasle eta gurasoak aterako dira eskean trikitilariek eta bertsolariek lagunduta. Urola Ikastolako ikasleek, berriz, ez dute urteroko irteerarik egingo aurten, ezta Erniarraitz bertsozale elkarteko kideek ere. Hala eta guztiz ere, herriko ikastetxeek eskola barruan ospatuko dute Santa Ageda bezpera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide