Azpeitiko Udalak oraindik ez du erabaki aurten Azpeitian karnabal jairik izango al den. Erakundeak Uztarria.eus-i azaldu dionez, otsailaren 13ra arte luzatu ditu Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren pandemia dela-eta ezarritako neurri murriztaileak, eta horiek "erabat" baldintzatuko dute jaien inguruko erabakia.
Udalak azaldu duenez, gaur-gaurkoz indarrean diren neurriak tarteko, ez dago jaiak ospatzeko aukerarik. Dena den, ikusteko dago otsailaren 13tik aurrera ostalaritza guneen ordutegiaren eta edukiera mugaren inguruko neurriok indarrean izango diren ala ez. Udalak aurreratu duenez, eragileekin ere bilduko da erabakia hartzerako, eta herriko osasun egoera ere giltzarria izango da azken erabakia hartzerakoan.
Izatez, otsailaren 27an, izango da Jai Karnabala, eta otsailaren 28an Astelehen Karnabala. Festetako azken eguna, Astearte Karnabala, berriz, martxoaren 1a egokitu da aurten.