Otsailaren 19an izango da XII. Gau Txori argazki rallya

Julene Frantzesena 2022ko ots. 3a, 14:50

Gau Txori argazki rallyko garaikurrak.

Rallyaren egunean eman beharko dute izena parte-hartzaileek, 19:00etatik 20:00etara bitartean. Hainbat gairen bueltako irudiak atera beharko dituzte horiek, eta 01:00etan bukatuko da rallya. Lau sari banatuko dituzte aurtengo edizioan ere.

Otsailaren 19an, larunbatez, egingo dute Gau Txori argazki rallyaren hamabigarren edizioa. Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatzen du egitasmoa, eta dagoeneko jakinarazi ditu aurtengo hitzorduaren nondik norakoak.

Memori txarteldun kamera digitala duen edonork parte har dezake lehiaketan, eta izen-ematea rallyaren egunean bertan egin beharko dute parte-hartzaileek; 19:00etatik 20:00etara izango da horretarako aukera argazki elkarteak Dinamoa sormen gunean duen egoitzan. Parte hartzaile bakoitzak hamar euro ordaindu beharko ditu.

Argazkilari bakoitzak bere txartela hutsik eraman beharko du rallyra, eta argazkiak Azpeitian atera beharko dituzte, zuri-beltzean edo koloretan. Gainera, JPG formatuan egin beharko dituzte argazkiak, eta horiek ahalik eta kalitate onena izan beharko dute.

Rallya 01:00etan bukatuko da: argazkilariek ordu horretarako hustu beharko dituzte argazki txartelak argazki elkartearen egoitzan. Argazkilari bakoitzak, gehienez, 36 argazki aurkeztu ahal izango ditu, kontroleko argazkia barne, eta antolatzaileek adierazi dutenez, irudiak ezingo dira manipulatu.

Otsailaren 24rako

Argazki elkarteak jarriko ditu rallyrako gaiak, eta parte-hartzaileek horiek ardatz hartuta atera beharko dituzte argazkiak. Ondoren, otsailaren 24a baino lehen, gai bakoitzeko argazki bat aukeratu eta argazkiakaae@gmail.com helbide elektronikora bidali beharko dituzte, partaidearen zenbakia eta argazkiaren zenbakia adierazita.

Epaimahaiak argazkien berezkotasuna, sormena eta teknika hartuko ditu kontuan puntuak ematerakoan, eta hainbat sari banatuko dituzte aurtengo edizioan ere. Bilduma onenaren egileak 150 euro eta garaikurra jasoko ditu; bigarren sailkatuak, berriz, ehun euro eta garaikurra eskuratuko ditu; eta hirugarrenak 70 euro eta garaikurra. Herriko lehen ez sarituarentzat garaikurra izango da, gainera.

Elkarteak ez du jakinarazi noiz jakinaraziko dituen saridunen izenak, ezta sari banaketa ekitaldia noiz egingo duen ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide