Haurrek ere badute hitza

Gipuzkoako Hitza 2022ko ots. 5a, 14:02

Haurren Kontseiluaren bilkurako irudia. (Azpeitiko Udala)

Herri Hezitzailearen filosofiari lotuta, Haurren Kontseilua eratu dute Azpeitian. Helburua da umeei erabakitzeko ahalmena aitortzea eta toki erakundeek haien proposamenak entzutea. Maialen Etxaniz kazetariak gai horri buruzko erreportajea egin du Gipuzkoako Hitzarako.

Askotan haien hitzik jasotzen ez den arren, umeei hitza ematea du helburu Azpeitian sortu berri duten Haurren Kontseiluak. Azpeitia Herri Hezitzailea egitasmoaren barruan jarri dute martxan proiektua, herriko haurrak erdigunean ipini eta haiei hitza emateko xedez. Maite Azpiazu talde eragileko kideetako bat da, eta hark azaldu duenez, Haurren Kontseilua hilabete luzeetako lanaren "lehen emaitza" baino ez da: "Talde eragileko kideok urtebetez aritu gara egitasmoari forma ematen, proiektua teorikoki kokatzen eta buruan duguna praktikan nola jarri pentsatzen".

Hasieratik argi eduki zuten Haurren Kontseiluan ezinbestekoa izango dela herriko ludoteketako hezitzaileen lana. "Haiek dira herriko umeek hezkuntza ez formalean gertuen dituzten pertsona heldu erreferenteak. Hortik harago, ordea, bazegoen zer pentsatu eta zer egin, eta horri forma ematen aritu gara orain arte", esan du Azpiazuk.

Azpeitia Herri Hezitzailea egitasmoa martxan jarri zutenean, diagnostiko parte hartzaile bat egin zuten herrian. Askotariko talde eta norbanakoen iritziak bildu zituzten prozesuan, baina ez zieten hitzik eman herriko haurrei eta nerabeei. "Tranpan erori ginen, nolabait esatearren", aitortu du Azpiazuk. "Herritarra ikusteko modua eraldatzea da Herri Hezitzailearen giltzarrietako bat; herritarrik ahulenak erdigunera ekartzea eta haiei erabakitzeko ahalmena aitortzea", gaineratu du.

Haren arabera, horregatik da garrantzitsua haurrei hitza ematea: "Helduok umeei ematen diegun mezua da beraiek etorkizuneko herritarrak direla, baina haurrak orain eta hemen ere badira herritarrak, eta, gaitasunak dituzten bezala, badituzte eskubideak eta betebeharrak ere, helduek beste". Azpiazuk zehaztu du haurrak direnean ez zaiela uzten ezer erabakitzen. "Baina adin nagusiko direnean, herritar arduratsuak, parte hartzaileak eta kritikoak izan daitezen nahi dugu, eta kontraesana da hori. Horregatik, haurra txikitatik subjektu aktibo eta parte hartzaile gisa hartu eta hezi behar dugu". Umeei hitza ematearen garrantziaz jabetuta, parte hartzeko kanal iraunkorrez hausnartzen hasi ziren, eta hor gorpuztu zen Haurren Kontseilua sortzearen ideia.

Azken finean, herriko umeek herriko erabakietan parte hartzea da Azpeitiko Haurren Kontseiluaren “iparrorratza eta ametsa”. Dena den, parte hartzea “modu jakin batean” ulertzen dute Herri Hezitzaileko kideek. “Parte hartzea zerbaiten parte izatea bezala ulertu behar dugu, elkarrekin egiten den bide gisa. Haurrentzako gauzak egitetik haurrekin gauzak egitera pasatzea, alegia”.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide